Gizarte bazterketarako arriskuan zeuden langabeak aldi baterako kontratatzeko plan berezia jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak 2009 amaieran. Azaroaren 27ra arte iraun zuen lehen deialdi hark. Balorazioa, berriz, martxo hasieran egin zuen Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak. 5.612 kontratu egin zituztela azaldu zuen. Alabaina, datu bat ez zuen eman: haietatik zenbatek jarraitu zuten lanean behin-behineko kontratua bukatu ostean. Atzo jakinarazi zuen %26k segitzen dutela. Lanean aritu arren, erdiak baino gehiago, %59, beste enpresa batean ari dira.
EAren eskaerari jarraituz egin zuen agerraldia atzo Zabaletak, Gloria Mugika berrikuntza soziolaboralerakozuzendariarekin batera. «Arrakasta itzela izan da plana, portzentajea oso altua da», adierazi du sailburuak. Oposizioko alderdiek bestelako iritzia dute, eta gutxiegi iritzi diote kopuruari.
Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk adostu zuten plana elkarrizketa sozialerako mahaian. 7.000 kontratu egiteko 63 milioi euroko aurrekontua onartu zuten, gehienez ere sei hilabeteko iraupenekoak. 5.612 egin zituzten azkenean, eta 61,6 milioi euro gastatu. Kontratu bakoitzak, batez beste, 1.884 euroko laguntza izan zuen.
Batez ere 31 eta 44 urte arteko langileak hartu dituzte, kontratatu guztien %44; 18 eta 30 urte artekoak %29 izan dira; eta 45 eta 65 urte artekoak, %27. Hamarretik lau landa edo hiru inguruen mantenuan edota komunitatearentzako zerbitzuetan aritu dira. Hasierako helburua zen kontratatuen %30 gutxienez diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen zutenak izatea. %34koa izan da azkenean kopurua.
Zabaletaren esanetan, planean parte hartu duten langileen %51,3k «oso pozik» egon direla adierazi dute, eta %3,2k, «pozik». Langileak hartu dituzten udal administrazio, irabazi asmorik gabeko elkarte eta enpresa arrunten artean %95ek esan dute pozik edo oso pozik egon direla.
Planaren luzapena, martxan
Plana aurkeztu zuenean, «iragankorra eta salbuespenekoa» zela nabarmendu zuen Jaurlaritzak. Alabaina, jarraipena izango du, aldaketa batzuekin. Aurrekontu txikiagoa du bigarrenak —20 milioi euro gutxiago—, eta kontratu gutxiago egitea aurreikusten da. Horrekin batera, 18 eta 30 urte bitarteko gazte langabeak kontratatzeko aukera irekiko dute. Gutxienez, aurrekontuaren %35 gazteak laneratzeko izango da. Gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten onuradunei laguntzaren %20 ziurtatuko zaie, aurreko egitasmoan baino %10 gutxiago. Langabezia saririk kobratzen ez duten langabeek ere izango dute parte hartzeko aukera.
Aldi baterako kontratuak badira ere «kalitatezkoak» izango direla ziurtatu du Zabaleta sailburuak. «Sei hilabeterako izango dira, baina lanaldi osoa izango dute». Era berean, soldata sektoreko itun kolektiboaren araberakoa izango da. Otsailaren 1etik abenduaren 31ra arte egiten diren kontratuek dute laguntza eskatzeko aukera.
Enplegu plan berezian hartutako lautik bat, lanean
Gemma Zabaletaren arabera, kopurua «oso altua» da; oposizioko alderdiek bestelako iritzia dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu