Administrazioa

Enplegu publikoaren legearen negoziazioa amaitutzat jo du Jaurlaritzak

Sindikatuen babesik lortu ez duen legegaia eramango du Eusko Legebiltzarrera

Iker Aranburu.
2015eko apirilaren 16a
13:11
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoetako 113.000 langileen eskubide eta betebeharrak biltzen dituen Enplegu Publikoaren legegaia Eusko Legebiltzarrerako bidean dago. Sindikatuekin izandako negoziazioetan adostasunik ez du lortu Jaurlaritzak, baina proiektuarekin aurrera egitea erabaki du. Asteartera arteko epea eman die sindikatuei proposamenak egiteko, baina haien gaineko negoziaziorik ez du egingo. Legegaiari buruzko txostenak egingo dituzte gero Lan Harremanen Kontseiluak eta beste erakunde batzuek, eta behin testuari zuzenketak egin ondoren, gobernu kontseiluak onartu eta Legebiltzarrera bidaliko dute.

Zearretak gaur goizean egin du bilera administrazioan ordezkaritza duten lau sindikatuetako hirurekin: ELA, CCOO eta UGT. Bilera horretan ez du parte hartu LABek, negoziazioa "negoziazio antzezpen txar huts bat" izango zela uste baitzuen. 

Zearretak gaur nabarmendu zuenez, sindikatuei aurkeztutako azken zirriborroak «ehunka ekarpen» bildu ditu, ez soilik sindikatuena, baita administrazio publikoko langileek zuzenean egindakoak edo beste erakunde eta taldek egindakoak ere.

Sailburuordeak legegaiaren hiru puntu nabarmendu ditu: enplegua sortzeko prozesu bereziak irekitzeko aukera, lana eta familia bizitza uztartzeko neurriak  eta errekonozimendu profesionala. Lan eskaintza publikoetan zenbait formula zehaztu dituzte behin-behineko lanpostua dutenek aukera handiagoak izateko beren lanpostua egonkortzeko. «Zenbait kategoria profesionaletako behin-behinekotasun tasak txikitu nahi ditugu, behin-behineko langileak urteetan lortutako ezagutzak eta abileziak galdu gabe», argudiatu du Jaurlaritzak. Uztartzeari dagokionez, sektore publikoko langileek bi astez luzatu ahal izango dute amatasun baimena, 20 asteraino. Aitatasun baimena, berriz, 32 egunekoa izango da (28 dira orain).

Gaurkoaren aurretik, Eusko Jaurlaritzak lege proiektuaren bi zirriborro egin zituen, eta biak baztertu zituzten sindikatuek. Martxoaren 10ean aurkeztu zuen bigarrena eta horretatik kendu zuen polemika handiena eragin zuen puntua: administrazioari aukera ematea langile publikoei soldata eta lanaldia txikitzeko krisi garaietan, eta aurrekontu publikoetan murrizketak daudenean. Emaitzen araberako ordainak ezartzeko aukera ere baztertu zuen; irailean BERRIAri eskainitako elkarrizketan, adostasunik gabe horrelakorik ez zuela egingo aurreratu zuen Zearretak.

ELA, haserre

Aldaketa horri garrantzia kendu dio ELAk, gaurko bileraren harira kaleratu duen agirian. Sindikatu abertzalea kexu da Jaurlaritzak ez dituela lehen zirriborroari egindako 200etik gora zuzenketei jaramonik egin, eta "garrantzizko aldaketa bakar bat ere ez" duela aintzat hartu. Gaur aurkeztu dien zirriborroak gai batzuk aldatu ditu, baina aurreko zirriborroen ildotik doala deitoratu du ELAk, eta horregatik aurkako botoa emateko eskatu die Eusko Legebiltzarreko talde politikoei.

Sindikatu horren arabera, legegaia norabide okerrean doa: "Herritarrentzako zerbitzu publiko bat sustatu beharrean, lehentasuna ematen dio kontrol alderdikoiari, eta, gainera, langileak garaian garaiko gobernuaren menpean jartzeko tresnak sartzen ditu". ELAk uste du legegaiak negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzen diela langileei, eta administrazioaren esku uzten duela lan baldintzak erabakitzea. Sindikatuek administrazioaren kudeaketan duten parte hartzeko aukerak ere kentzen dituela salatu du.

LABen iritzia

LAB ere oso kritiko azaldu da Jaurlaritzaren proiektuarekin. "Bere edukietan, estatuko oinarrizko legearen menpekoa izanik zerbitzu publikoetako langileen lan harremanen araudi merkantilista, jerentzial indibidualizatzailea ezartzen du", ziurtatu zuen atzo bidalitako oharrean. Zerbitzu publikoetako langileei kalte egiteaz gain, zerbitzu publikoak beraiek "gehiago ahulduko" dituela gaineratu zuen.

LABek ohartarazi zion Jaurlaritzari sindikatuen babesik gabe proiektua Eusko Legebiltzarrera eramanez gero haren aurkako mobiliazioak egingo zituela. ELAk ere iragarri du protestak antolatuko dituela.

CCOOk, bere aldetik, negoziaziorako benetako aukerarik ez sortzea aurpegiratu dio Jaurlaritzari, eta iragarri du saiatuko dela legegaia Legebiltzarrean aldatzen, alderdi politikoekin landutako zuzenketen bidez.

Administrazioko langile elebakarren egoera konpontzeko neurriak eskatu dizkio UGTk Jaurlaritzari. «Irtenbidea eman behar zaie 45 urtetik gorakoei, esperientzia izan bai baina euskara ez dakitenei, ez dutelako irakaskuntza elebiduna izan.  Euskararen alde gaude, baina arazo hori belaunaldien erreleboaren bitartez konpondu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.