Enplegua

Enplegu sailburuordeak barkamena eskatu die Lanbideko langileei

"Zorigaiztoko aipamen okerra" egin izana aitortu du Jose Andres Blascok.

Blascok Lanbideko langileei bidalitako gutuna. BERRIA
Jon Fernandez.
2016ko apirilaren 26a
16:58
Entzun

«Nik ikusten ditut nire seme-alabak uneoro enplegua bilatzeko web orrialdeetan sartuta, Interneten, eta burutik pasatu ere ez zaie egiten Lanbiden apuntatzea enplegua bilatzeko. Besteak beste, gauza gutxi topatzen delako hor». Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak gaur zortzi agerraldi publiko batean esan zuen esaldi horrek erreakzio kate luzea ekarri du astebetean: PSEk eta UPDk azalpenak emateko eskatu zizkioten Iñigo Urkulluri Eusko Legebiltzarrean, eta EH Bilduk, PPk eta sindikatuek Jose Andres Blascoren dimisioa eskatu dute. Erreakzio katean azkena, Blascorena berarena izan da. Berriak jakin izan ahal duenez, sailburuordeak gutun bat bidali die posta elektroniko bidez Lanbideko beharginei barkamena eskatzeko. Barkamena, «zorigaiztokotzat jotzen dudan aipamen okerra» egin izanagatik. 

Mea culpa bat da, baina barkamenarekin batera dator justifikazioa, argudiaketa eta testuinguraketa. «Esaldi hori bakarrik aipatzen bada, gainerakoa aintzat hartu gabe, egia da adierazpena ez dela nire karguaren erantzukizunaren mailakoa. Beraz, barkamena eskatu behar dut», dio gutunean Blascok. «Horrenbestez 
—jarraitzen du gutunak—, aipatu nire adierazpena egin nuen testuingurutik aterata, zerbitzu eta langile publikoak, eta Lanbideren zerbitzuak jasotzen dituzten  herritarrak iraintzea egotzi zitzaidan zenbait esparrutan. Halaber, enpleguaren zerbitzu publikoa pribatizatzeko nahia leporatu zitzaidan». 

Bada, sailburuordeak nabarmendu du hori ez zela bere asmoa, «ezta gutxiago ere». «Aitzitik, erabat ondo dakit zer nolako ahalegin handia egiten duten Lanbideko langileek, baita erakundeak berak ere, zerbitzu publiko egokia ematearen alde, egoera benetan zail eta nahasi honetan». Horregatik, «eskerrak» eman dizkie Blascok Lanbideko langileei.

Huts egiteko «eskubidea»

Joan den astean bertan, adierazpena egin eta biharamunean, Blascok publikoki zehaztu zuen esandakoa, eta azaldu zuen inola ere ez zela izan bere asmoa Lanbide enplegu zerbitzua «mespretxatzea», eta soilik «lagunarteko hizkera» erabili zuela. Angel Toña Enplegu sailburuak ere «zoritxarrekotzat» jo zuen Blascoren adierazpena, baina sailburuordea defendatu zuen. Toñaren esanetan, «edozein pertsonak du huts egiteko eskubidea, eta behin huts hori eginda, esandako berbak zuzentzeko eskubidea eta beharra ere badu». Horregatik, Toñak ez du kargutik kendu Blasco. Areago, sailburuaren aburuz, Blascoren asmoa zen azaltzea Lanbideren etorkizuneko erronka dela enplegu eskatzaileen eta eskaintzaileen arteko bitartekaritza bide berriak topatzea. 

Sindikatuak, ordea, ez dira ase  azalpen horiekin, eta iragarri dute bihar 11:00etan elkarretaratzeak egingo dituztela Lanbideren zentro guztietan. ELA, LAB, CCOO eta UGTk sinatu dute deialdia. Elkarretaratzeen bidez Blascoren dimisioa eskatu nahi dute, eta salatu Lanbiden «antolakuntza eta egonkortasun eza» dagoela, eta gabeziak dituela enplegu politika propio bat garatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.