Ekonomiaren egoera okertu egingo da 2011ren amaieran eta 2012an, eta enpresek langileak kaleratzen jarraituko dute. Hala uste dute Arabako eta Gipuzkoako enpresaburuek. Gipuzkoan enpresen %78k esan dute langileei eutsi egingo dietela edo langile gehiago kontratatuko dituztela; baina horiek kontratatutakoak baino gehiago izango dira eraikuntzan kaleratuak. Sektoreak «berregituratze bortitza» jasango du, Adegiren esanetan. Obra publikoak «murrizketa handiak izango ditu» eta obra zibila «egokitzen» ari da.
Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak hirugarren hiruhilekoko inkestaren emaitzak eman zituen atzo. Arabako Merkataritza Ganberak industriarenak. Adegik barne produktu gordina (BPG) aurten %0,6 haziko dela uste du, baina enpresaburuek ez dute atzeraldia baztertu.
Bateko eta besteko enpresaburuek ez dute espero egoera hobetuko denik urtea amaitu bitartean. Ez behintzat datozen hilabeteetan. Hala ere, Gipuzkoako industriaren egoera hobea da Arabakoa baino.
Gipuzkoan, apirilean baino enpresaburu gehiagok uste dute ekonomia atzeraldira bueltatuko dela. Datu positiboak badaude, ifrentzua ere baduten arren: hirugarren hiruhilekoan bigarrenean baino %1,3 gehiago saldu dute esportazioei esker, baina gero eta gehiago dira gutxiago saltzen ari direnak; eskaeren kopurua ohikoa edo altua dela diotenen kopuruak goia jo du 2008ko apiriletik (%45), baina %55ek diote eskaera gutxi dituztela; eta enpresak ekoizpen gaitasunaren %80 erabiltzen ari dira, baina eraikuntzan portzentajea %54koa da. Esportatzen duten hiru enpresatik bik baino gehiagok salmentak handitu dituzte; baina gero eta gehiago dira aurreko hiruhilekoetan baino gutxiago saltzen ari direnak. Hego Euskal Herrian eta Espainian saltzen dutenak dira, batez ere.
Finantziazio arazoak ez dira konpondu, eta enpresen %42k diote arazoak dituztela ohiko gastuetarako dirua lortzeko.
Arabako industriako enpresek uste dute urtearen bigarren erdian behera egingo dutela produkzioak, eskaerek, salmentek eta lanpostuek. Espainiako merkatuaren ahultasunagatik, batez ere. Normala da uztailean eta abuztuan enpresek jarduera eta eskaera gutxi izatea, baina iaz baino nabarmen gutxitu dira aurten: jarduera gutxitu dutenak %49 izan dira (iaz %31) eta eskaera gutxi dituztenak %54 (iaz %34).
«Gipuzkoa Atzera»
Gipuzkoako patronalak ohiko eskaerak egin dizkie administrazioei, ekonomiaren eta enpresen egoera hobetzeko: alde batetik, «lan harremanetarako eta negoziazio kolektiborako araudiak, enpresen lehiakortasunari mesede egiteko», Eduardo Zubiaurre presidentearen esanetan; bestetik, soldaten igoera produktibitateari lotzea; eta baita Europaren pareko zerga politika ere.Inkestan hiru enpresatik bik lan erreforma sakonagoa eskatu dute.
Eta azpiegiturak. Adegik ez die uko egiten Foru Aldundiak auzitan jarri dituen ustezko azpiegitura estrategikoak. Adegiko arduradunak hilaren hasieran bildu ziren Martin Garitano diputatuarekin, beren kezkak eta gomendioak aurkezteko. «Gipuzkoa Aurrera eredutik Gipuzkoa Atzera eredura pasatzen ari gara, eta hori oso larria da», ondorioztatu du Zubiaurrek.
Enplegua galduko dela uste dute Arabako eta Gipuzkoako enpresek
Jarduera ekonomikoa nabarmen motelduko da datozen hilabeteetan, eta atzeraldia gerta daiteke berriro, enpresaburuen iritzizGipuzkoan lanpostuak eraikuntzan galduko dira batez ere, eta Araban, industrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu