ENPLEGUA HEGO EUSKAL HERRIAN. Langabezia %5 jaitsi zen iaz, baina gora doa prekarietatea

Abenduan sinatutako kontratu berri guztien %6,5 besterik ez ziren izan mugagabeak, joan den urte osoko %7,5en aldean

Erredakzioa
2006ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Orain bi urte baino 6.428 langabe gutxiago zenbatu zituen INEMek iaz Hego Euskal Herrian: 105.682, denera. Bizkaian apaldu zen langabezia tasa gehien (%9,17). Araban ia %4, Gipuzkoan %2,9 eta Nafarroan %1,7 egin zuen behera. Behin-behinekotasuna, ordea, gora doa. Sinatutako ehun kontratutik sei baizik ez ziren mugagabeak izan iragan abenduan, urteko batezbesteko zazpien aldean.

Patronalari eta administrazioari prekarietatea apaltzeko neurriak eskatu dizkiote sindikatuek, beraz. Diote aldi baterako kontratuak «gehiegikeriaz» erabiltzen dituztela enpresek, enpleguaren kalitatea behera doala eten barik, eta «prekarietatearen hedapena» mozorrotzen ari dela langabeziaren jaitsiera.Industrian lanpostu «asko» galdu dela ohartarazi du Euskadiko CCOOk, gainera. «Lantegietan egon ohi den kalitateko enpleguaren ordezko bihurtu da zerbitzuetako enplegu prekarioa», sindikatuko Lan arduradun Loli Garciaren hitzetan. Gaitzetsi du zerbitzuetan batik bat emakumeak dabiltzala, baina horiek jasan beharreko langabezia tasa batez bestekoa baino gorago dagoela: langabeen %60 emakumeak dira. Soilik 25 urtetik beherakoen artean da gizonen langabezia tasa altuagoa%57,5ean dago une honetan. Ñabardurak ñabardura, langabe kopuru osoa %5,7 murriztu zen 2004ko abendutik 2005eko abendura.

Sistema berriarekin ere langabezia tasa behera

Langabeak 112.000 pasatxo ziren orain urtebete, INEMek gaur egun darabilen kalkulu sistemaren arabera, behintzat. Maiatzean aldatu zuen eta, hil batetik bestera, 16.000 pertsona gehiago zenbatu zituen lan bila zebiltzanen multzoan.

Langabezia tasa aldapa behera joan da orduz geroztik eta %8an iritsi zen joan den hil hondarrean. Abenduan, dena den, gora egin zuen langabe kopuruak Hego Euskal Herrian: 935 langabe gehiago zeuden. Herrialdeka, Gipuzkoan (%1,75) eta Nafarroan (%3,65) igo zen langabezia. Nafarroan eta Bizkaian, aldiz, behera jo zuen, %0,35 eta %0,48, hurrenez hurren. INEMek emandako datuok erabat zuzenak ez direla uste du LABek, dena den. Espainiako Estatistika Institutuak zenbatu baino 5.000 langabe gehiago ei daude lau herrialdeetan. «Ez ditu aintzat hartu lan bila dabiltzan eta Populazio Aktiboaren gaineko Inkestan (EPA) langabe gisa agertzen diren 4.953 herritar». Are gehiago, Lan Ministerioa langabeziaren datuak «apaintzen eta faltsutzen» ari dela deitoratu du sindikatuak. Ildo beretik jo du UGT-Euskadik: «Lan merkatuaren benetako egoera ezkutatzen ari dira langabeziaren zenbakiak». Sinatutako hamar kontratutik bederatzi behin-behinekoak direla berretsi, emakumeen eta gazteen prekarietate «latza» gaitzetsi eta lan istripuez gogoratu da. «Behargin bat hiltzen da hiru egunetik behin». Enpleguaren bilakaerarekin «pozik» daudela nabarmendu dute Espainiako Gobernuak eta patronalak, ordea.

%26ko behin-behinekotasuna «zentzuzkoa», Armendarizen ustez



Nafarroan sinatu ziren 230.000 kontratuetatik 20.000 ziren finkoak

irene arrizurieta - IRUÑEA

Iragan urtean Nafarroan 400 langabe gutxiago zeuden eta 11.000 enplegu berri sortu ziren. Datu horiek 2004ko joera txarra hautsi egiten dute, duela bi urte langabezian 541 lagun gehiago zeudelako. Halere, behin-behinekotasunak handia izaten jarraitzen du, joan den urtean sinatu ziren 229.227 kontratuetatik 20.109 izan ziren behin betikoak.

Javier Armendariz Nafarroako Industria eta Lan sailburuaren irudiko Nafarroako ekonomia «bizi eta kementsu» dago. 2005eko Nafarroako enpleguaren garapenaren datuak aurkeztu zituen atzo Armendarizek eta «onak» direla adierazi zuen. Joan den urte bukaeran 22.292 langabe zeuden, 9.004 gizon eta13.288 emakume. Sektoreka industriak eta zerbitzuek izan dute aktibitate gehien.

Sailburuaren iritziz, Nafarroako ekonomia enplegua sortzeko gai izan da eta lehen lanaren bila dabiltzatenak bereganatzeko gai izan da. Iragan urtean 14.164 lagunek lortu zuten lana lehen aldiz, 2004an 10.476 izan ziren bitartean. Industrian langabezia 299 lagunetan jaitsi zen eta zerbitzuetan 68 lagunetan. Lana lehenengoz aurkitzen zutenen artean, langabezia 418 lagunetan jaitsi zen. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldea ere jaitsi egin da 488 lagunetan.

Behin-behinekotasunari dagokionez, datuak, Armendarizen ustez, «interesgarriak» dira. Joan den urtean sinatu ziren 229.227 kontratuetatik behin betikoak 20.109 bakarrik izan ziren, %8,75. Behin-behinekotasuna %26an dago Nafarroan, eta Europako Batasunaren (EB) halako bi da. Helburua EBko batez bestekora hurbiltzea da. Lan sailburuaren aburuz, Nafarroako behin-behinekotasuna «zentzuzkoa» da eta Gobernuaren asmoetako bat horren aurka egitea izanen da. Iragan urteko enpleguaren datuek Nafarroako ekonomiaren «lehiakortasun handia» dela adierazten dute, Armendarizen irudiko. Nafarroako inbertsiorako toki «erakargarria» dela azpimarratu du. «Azken 40 urteetan industria sektorearen pisuak bereziko lehiakorrak eta indartsuak izatea eragin du».2005eko abenduan 786 langabe gehiago egoteak ez du harritu sailburua. Azken bost urteetako txikiena izan denez, ez dela kezkatzeko esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.