Joan den urteko geldialdiak ondorio zuzena izango du: aurten negoziazio kolektiboa azken urteotako handiena izango da. Lan Harremanen Kontseiluak dituen datuen arabera, 470.000 langilerentzako hitzarmenak negoziatu eta berritu beharko lirateke datozen hilabeteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iaz sinatu ez ziren 440 itunak kontuan hartuta. Beste iturri batzuek -UGTk, esaterako- 600.000 langile baino gehiago eragingo dituztela ohartarazi dute. Nafarroan ere, gutxienez beste 50.000 lagun itunen zain daude merkataritzan, arte grafikoetan eta salgaien garraioan.
Hainbat arrazoi daude egoera azaltzeko. Beti korapilatsua izan ohi da prozesua, eta krisiaren ondorioak gehitu zaizkio. Batzuetan, enpresaburuek nahiago izan dute ituna ez ukitu, eta, horren ordez, hitzarmenetik kanpoko akordioak edo enplegu erregulazioak hobetsi dituzte malgutasun handiagoa izateko. Mercedesen, Sidenorren, Michelinen eta beste enpresa handi batzuetan gisa horretako akordioak indarrean jarri dira. Beste lantoki batzuetan, langileen ordezkariek egin diote uko negoziatzeari, baldintza hobeagoak lortzeko ezintasunak gidatuta.
Enpresa askotan, langileak gatazka kolektibo batera sartzea ez da erraza. «Krisia ordaintzeko errezeta guztiak langileen kontura egiten ari dira, eta argi dago langile askoren artean ez dagoela gatazkarako grina berezirik», azaldu du Joseba Villarrealek, negoziazio kolektiborako arduraduna ELA sindikatuan.
Iazko maiatzaren 21ean euskal gehiengo sindikalak deitutako lanuzte orokorra alde batera utzita, greba kopurua %17 handitu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Parte-hartzaile kopuruari dagokionez, ia heren bat murriztu zen. Bitartean, erregulazio prozesu gehienek aurrera egin dute enpresaburuen eta langileen arteko akordioen ondorioz, baita behin betiko kaleratzeak jasotzen zituztenek ere.
Sinatu diren edukietan nabaritzen da atzeraldiaren itzala. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragina zuten 176 lan itun sinatu ziren iaz, eta batez besteko soldata igoera %2,7 izan zen, 1999. urtetik egon den hazkunderik txikiena. Kontuan hartu behar da aurreko lau urteetan batez besteko igoera %4tik gorakoa izan zela. Urteko lanaldia 1.640 ordukoa izan da, hitzarmen guztiak kontuan hartuta. Espainian sinatu eta EAEn ere eragina duten akordioetan baino ehun ordu gutxiago dira, hala ere.
Adegiren erronka
Sektore itun esanguratsu ugari berritzeko tenorea iritsi da. Azken egunotan, oihartzun handiena Gipuzkoako metalgintzak izan du. Adegi patronalak aurkeztu duen proposamenak harri eta zur utzi ditu sindikatu guztiak. Ituna goitik behera eraldatzea proposatu du. Soldata izoztea exijitu die langileei, eta urteko lanaldia 1.755 ordura igotzea. Azken hitzarmenean baino 58 lan ordu gehiago lirateke urtean, edo hamabost minutu egunero. Halaber, ultraaktibitatea urtebetera mugatzea exijitu du. Itunaren iraupena amaitu ondoren zituen baldintzei eustea ahalbideratzen duen klausula da ultraaktibitatea. «Soilik kosteak murrizten baditugu, malguagoak bagara, eta produktibitatea handitzen badugu, arrakastaz lehiatzeko gai izango gara», argudiatu du patronalak eduki horien defentsan.
Gipuzkoako metalgintzarekin gertatuko denak eragin handia izango du. 60.000 langilerentzako ituna da, eta enpresetan nahiz beste sektore batzuetan gertatuko dena definituko duen negoziazioa da.
Adegiren jokabide zorrotzaren atzetik sindikatuen egoera bera egon daitekeela uste du CCOOk. «Akaso sindikatuok ahul gaudela sumatuko dute, eta gure arteko batasun falta euren mesederako erabili nahi dute», zehaztu du Javier Lopez Irisarrik, sindikatuak negoziazio kolektiborako duen arduradunak.
Batasun falta hori negoziazioari heltzeko esparruari dagokio, besteak beste. CCOOrentzat herrialdeko sektore hitzarmenek dute lehentasuna. ELAk, berriz, ez ditu horiek baztertzen, baina, alor batzuetan -Arabako edo Bizkaiko metalgintza, esaterako-, patronalari aurre egiteko nahikoa indar ez dagoela ondorioztatu du, eta nahiago izan du negoziazioa enpresaz enpresa eramatea. UGT, bestalde, gutxiengoan sinatzeko prest agertu da. LABek tokian tokiko egoeraren arabera ezartzen du bere estrategia, sektore negoziazioa propio errefusatu gabe.
Joan den urteko negoziazio kolektiboa eskasa izan da sektore mailan. Herrialdeko bederatzi itun berritu ziren bakarrik, eta 60 baino gehiago zintzilik geratu ziren. Zerrenda luzea da. Gipuzkoan arte grafikoen, eraikuntzaren eta merkataritzaren hitzarmenak berritu behar dira. Nafarroan egurraren, merkataritzaren eta ostalaritzaren alorrekoak sinatu gabe daude. Araban ere, ostalaritzakoari helduko zaio. Sektore publikoan ere, bada zer negoziatu. Eusko Jaurlaritzaren mahai orokorrak akordio bat lortu bazuen ere, orain Osakidetzaren eta Ertzaintzaren mahaiak irekita daude. Halaber, irakaskuntza publikoan eta itunpekoan negoziatzeari ekin behar zaio.
Arazoak arazo, negoziazioetarako helburu zehatzak ezarri dituzte sindikatuek. ELAk, esaterako, inflazioaren gainetik dauden soldata igoerak exijituko ditu. «Enpresa batzuetan kaleratzerik ez egotearen truke soldatak murriztea eskatu dute. Iruzur hutsa da enplegua eta ordaina parekatzea», salatu du Villarrealek.
CCOOrentzat, aldi baterako kontratazioaren pisua murriztea xedeetako bat da. Irabazien banaketa mugatzea ere nahi dute. «Ondo dauden enpresetan banatzen ari den dibidendua gehiegikeria da. Horren ordez, inbertsio produktiboa indartzea eskatuko dugu», zehaztu du Lopez Irisarrik.
«Interes kontrajarriak izan arren, baturik krisiaren aurka borrokatzea posible dela erakutsi dugu»
CANDIDO MENDEZ
UGT sindikatuko idazkari nagusia
273
Lanuzteak EAEn. Maiatzaren 21eko greba orokorra alde batera utzita, lan arloko 273 lanuzte egin ziren iaz EAEn, LHKren arabera. Aurreko urtean baino %17 gehiago dira, baina parte-hartzaile kopurua %34 jaitsi zen. 27.000 lagunek egin zuten grebaren bat, guztira.«Lan duina» eskatuko du LABek gaur Iruñean
LAB sindikatuak manifestaziora deitu du gaur Iruñean, Lan duina eta denontzat lelopean. Mobilizazioa Olite zinemetan hasiko da eguerdiko 12etan, eta CEN patronalaren egoitzaraino joango da. Nafarroako patronalari LABek egotzi dio krisia erabiltzea «langileen kontura diru gehiago irabazteko».Nola daude metalgintzako itunak Araban eta Bizkaian?
Metal arloko itunak indarrean egoteak arindu egingo du negoziazio kolektibo korapilatsua Araban eta Bizkaian. Bi herrialdeetan, 90.000 langileri eragiten diete; UGTk eta CCOOk sinatu zituzten. Araban, itunaren iraupena aurten amaituko da, eta, Bizkaian, beste urtebeterako balioko du, 2011ko abenduaren 31 arte.441
Itunak sinatu gabe. 2009. urtean, EAEn eragina zuten 176 lan itun sinatu ziren. Guztira, 100.000 langile baino gehiagoren baldintzak ezarri zituzten. Haatik, beste 441 hitzarmen berritzeko akordiorik ez zen lortu. Sektoreko 104 itun zintzilik geratu ziren joan den urtean.Grebak Alemanian, soldatak %5 igotzea eskatzeko
Europako beste herrialde batzuetan, negoziazio kolektiboa gatazka iturri bihurtu da. Alemanian, sektore publikoen lanuzte partzialak bultzatzen ari da Ver.di sindikatua. Oro har, soldatak %5 igotzea exijitu du. Administrazio publikoek negoziazioak bertan behera utzi zituzten joan den astelehenean.«Negoziazio kolektiboaren akordioak egonkortasuna, segurtasuna eta konfiantza emango die langileei»
JOSE LUIS RODRIGUEZ ZAPATERO
Espainiako presidentea
Sei hilabetean negoziazio kolektiboa erreformatzeko asmoa iragarri dute
Lan baldintzei buruz oinarrizko akordioa sinatu du CEOE patronalak UGT eta CCOO sindikatuekinI. SantamariaGasteiz
Lehenbizi, pentsioak; ondoren, lan merkatua; eta, orain, negoziazio kolektiboa. Lan esparruarekin zerikusia duen hirugarren erreforma martxan jartzeko ados jarri dira Espainiako patronala eta sindikatu nagusiak. Atzo aurkeztu zuten akordioaren arabera, sei hilabeteko epean negoziazio kolektiboaren sistema moldatzeko borondatea dute, «lan merkatua enpresen eta langileen behar berrietara egokitzeko».
Erreformaren bidez, negoziazioa «modernizatzeko» asmoa dutela azaldu zuten atzo sinatzaileek, gehiago sakondu gabe. Ziur asko, mahai horretara herrialde mailako hitzarmen kolektiboen desagerpena eramango du CCOOk, enpresa mailakoen eta Espainian araututakoen mesederako. CEOEk, berriz, ultraaktibitatea mugatzeko neurriak aldarrikatu izan ditu.Enplegurako eta Negoziazio Kolektiborako hitzarmen interkonfederala sinatu zuten atzo CEOE eta Cepyme enpresaburu elkarteek UGT eta CCOO sindikatuekin. Hiru urterako enpresaburuen eta langileen arteko lan harremanak gidatuko dituzten oinarriak ezarri nahi dituzte dokumentu horrekin.
Akordio horretan, soldatak aurten %1 igotzea ontzat jo dute sinatzaileek. Heldu den urterako hazkundeak %1 eta %2 bitartekoak izango dira. Azkenik, 2012. urtean soldatak %1,5 eta %2,5 artean igoko lirateke. Kasu guztietan egoera berrikusteko klausula indarrean egongo dela zehaztu zuten, «erosahalmenari eutsi ahal izateko».Hala ere, igoera horiek ez dira enpresa guztietan ezarriko. Hitzarmenak aukera ematen die nahi duten enpresei igoera horiek atzeratzeko, betiere baldintza ekonomiko txarrak dituztela argudiatzen badute. Hala balitz, sindikatuen eta patronalen arteko batzordera eramango litzateke egoera, eta ordaindu gabe utzitako igoera horiek indarrean jartzeko beste epe batzuk zehaztuko lirateke. «Akordioa ezartzen ez bada ere langileak ez du soldatarik galduko», ziurtatu zuen Toni Ferrer UGTko ekintza sindikaleko idazkariak.
Negoziazio kolektiboarekin erreformarekin batera, beste eduki batzuk aztertzeko konpromisoa hartu dute Espaniako patronalek eta sindikatuek. Horien artean aipatzen dira malgusegurtasuna, enpresen barne eta kanpoko malgutasuna, enplegu erregulazioak eta lanaldiaren aldi baterako murrizketa, kontratazioa, edo absentismoa. Aldi baterako kontratuen pisua ere aztertzeko asmoa dute.Hitzarmena «iruzurra» dela salatu zuen LAB sindikatuak, ohar baten bidez. «Berriro ere lan errentak alde batera utzi dira, eta ez dago enpleguari eusteko konpromisorik». Soldatak neurriz igotzeko eskaerari aurka egingo dio LABek. «Patronalaren ofentsibari aurre egingo diogu, edukia duten itunak lortzeko bide bakarra baita».
Orain arte Espainian sinatu diren akordio interkonfederalek eragin gutxi izan dute Euskal Herrian. Oraingo honetan, gutxienez, patronala «mugiarazteko» balio izatea espero du CCOOk. «Akordio eza babeslekua zen hemengo patronalarentzat ez negoziatzeko», adierazi du Javier Lopez Irisarri CCOOko ordezkariak.