ENPLEGUA SEKTORE PUBLIKOAN. Datozen lan eskaintza publikoak, gastu kontrolerako neurrien menpe

Administrazioan pertsonal arloko gastua arinduko duela agindu du Jaurlaritzak, baina artean ez du aurkeztu neurri zehatzik

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoaren ondorioak ez dira guztiz baretu, baina dagoeneko pilatutako zorra eta defizit publikoa murriztea bihurtu da gobernu gehienentzat lehentasuna. Moncloak Espainiarako ezarrita du bide orria: 50.000 milioi euro aurreztu beharko ditu 2013. urtea arte, defizita %11tik %3ra jaitsi nahi badu. Ahalegin horren barnean langile gastua %4 murrizten saiatuko da. Oraingoz, administrazioetako langileen soldata zuzenean jaistea ez du sartu aukeren artean. Hala ere, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza begira ditu.

Espainia ez da funtzionarioen egoera berrikusteko erabakia hartu duen herrialde bakarra. Neurri gogorragoak hartu dituzte Irlandak, Greziak, Hungariak edo Baltikoko herrialdeek, esaterako. Merkatuen enbatari ezin eutsita, Greziak soldatak murriztu eta aparteko ordainik gabe utzi nahi ditu funtzionarioak. Irlandak, halaber, soldatak %5 eta %15 bitartean jaitsi ditu, eta, horrez gain, 9.000 lanpostu ezabatu ditu sektore publikoan. Krisia arinago pairatu duten herrialdeetan ere soldatak izozteko edo gutxi hazteko neurriak iragarri dituzte. Alemaniaren kasua da, besteak beste.

Funtzionarioak eta lan legepeko beharginak aintzat hartuta, Hego Euskal Herrian ia 145.000 lagun ari dira administrazio publikoentzat lanean. Mailaketa instituzional handia dagoen arren, populazio aktiboaren %10 baino zertxobait gehiago dira, Alemaniak duen ehunekoaren antzeko kopurua, baina Norvegiako, Suediako, Frantziako edo Finlandiako zenbakietatik urrun. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean sektore publikoan ari diren langileen %60 dituzte. Bi administrazioek orain dela gutxi lan itun kolektiboak berritu zituzten. Foru erakundeetan eta udalerrietan, berriz, %24 inguru daude. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurten amaitzen da tokiko erakundeetako langileen oinarrizko itunaren iraupena, eta oraindik ez dira hasi berritzeko hartu-emanak. Nafarroan udalerri bakoitzak finkatzen ditu funtzionarioen baldintzak.

Itunak itun, Carlos Agirre Jaurlaritzako Ogasun sailburuakohartarazi du gastu korrontea kontrolatzeko borondatea dutela. Krisiaren eraginik gabe ere, gastu hori azken hamarkadan %114 handitu da, eta diru sarrerak, berriz, %42 handitu dira. Datozen hiru urteetan urtero gastu korrontearen hazkundea %2ra mugatzea da helburua.

Zehaztasunak azaldu gabe, Ogasun Sailak enplegu publikoan zenbait neurri hartuko dituela aurreratu du. «Justifikaziorik ez duten» epe luzeko lanpostu hutsak desagertuko dira; aldi baterako langileak eta aldi baterako lan legepeko beharginak gutxituko dira, eta erretiro guztiak estali ordez, tasa batzuk ezarriko dira.

Jaurlaritzak ez du esan estaliko diren erretiroak zeintzuk izango diren eta nola erabakiko den. Espainiak, berriz, iragarri du hutsik geratzen diren hamar funtzionario lanpostutik bakarra beteko duela. Ondorio praktikoak dituen erabakia da. Aurten Espainiako administrazio orokorrerako antolatuko den lan eskaintza publikoan ia 15.000 funtzionario lanpostu lehiaketara atera ordez, ez dira 2.000 izatera iritsiko.

Patxi Lopezen gobernuaren asmoei buruz orain dela hilabete bat Agirrek Eusko Legebiltzarrean emandako azalpenak baino ez daude. Hor iradoki zituen ildoak ez dira sindikatuen gustukoak, ordea. Administrazioan gehiengoa duen sindikatuak, ELAk, ohartarazi du enplegu publikoa gutxitzea ez datorrela bat joan den urteko abenduan mahai orokorrak sinatu zuenarekin. Oraingoz, bilera bat eskatu dio sindikatuak Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazio sailburuari, azalpenak eman ditzan.

EAEko administrazio orokorreko baldintzak ezartzen dituen lan itunak aspaldian izandako babesik handiena izan zuen. ELAk, CCOOk eta UGTk agiria izenpetzea erabaki zuten, eta LABek aurka egin zion. Bederatzi urte zeramatzan ELAk administrazio orokorrean itunik sinatu gabe. Oraingo honetan, enplegua egonkortzeko eta azpikontratazioa mugatzeko neurri «esanguratsuak» zirela argudiatuta, bat egin zuen. Funtzionarioak eta lan legepeko beharginak aintzat hartuta, 62.500 langile daude gobernuaren administrazio orokorrean, sozietate publikoetan eta erakunde autonomiadunetan.

Oposizio bidez, 13.000 lanpostu egonkor ateratzea ekarriko luke akordioak. Aldi baterako 4.600 lanpostu finko bihurtzeko eta lan taldean dauden beste 3.300 hutsune begetatibo estaltzeko, ados jarri ziren gobernua eta sindikatuak. Gutxienez, 4.000 lanpostu berri aterako dira, halaber. Prozesuaren ondotik administrazioan dauden aldi baterako langileen kopurua %30 izatetik %8 izatera pasatu beharko litzateke. Haatik, ELAk uste du Agirrek esandakoa ez datorrela bat akordioaren funtsarekin.

Gobernuaren eta sindikatuen arteko sintonia azkar bukatu da, gainera. Aurki, 419 lanpostu betetzeko eskaintza publikora deituko du Jaurlaritzak. Eskaintzaren oinarriei buruz akordio bat hitzartu zuten ELAk, CCOOk eta LABek. Ordezkaritzaren %88 badute ere, salatu dute gobernuak ez duela onartu egindako proposamen eta gomendioetatik bakar bat bera ere. Hain zuzen ere, kexu dira esperientziak merituetan izango duen balio eskasarekin. Dagoeneko , martxan jarri dituzte eskaintzaren baldintzen aurkako kanpaina eta mobilizazioak.

Nafarroan, akordioa azkenean

Bi urtez akordiorik gabe egon eta gero, Nafarroako Gobernuak proposatutakoa onartzea erabaki zuten CCOO, UGT eta Afapna sindikatuek martxoan. Ez da izan ezusterik gabeko prozesua, hala ere. Gastu publikoaren inguruko eztabaidak zirela-eta, negoziazioak etetea erabaki zuen Miguel Sanzen gobernuak, sindikatuen harridurarako. Pare bat aste igaro ondoren, azken eskaintza bat eraman zuen mahaira, eta aipatu hiru sindikatuek ontzat jo zuten.

Aurten soldatak %0,3 igoko dira. Inflazioan aldaketak izanez gero, tarte hori konpentsatuko luke gobernuak, «aurrekontuetan dirua baldin badago». Heldu den urtean, gobernuak aurrekontuetan ezarriko du igoera, eta urte amaieran inflazioa handiagoa bada, orduan ere konpentsatuko da. Enpleguari dagokionez, lanpostu kopuru globalari eusteko borondatea duela sinatu du Sanzen gobernuak, zenbaki zehatzik eman gabe. Halaber, 2011. urte hasierarako lan eskaintza «indartsua» hitzartu zuten,CCOOren arabera.

ELAk eta LABek ez zuten babestu akordioa. LABen ustez, zehaztasun falta handia dago agiri horretan. «Soldatak nola berrikusiko diren ez dute argitzen. Azken hitza gobernuari uzten zaio», Txomin Gonzalez sindikatu abertzaleko ordezkariaren ustez.Ohartarazi du akordioaren parte handi bat, gainera, 2011. urtean sartuko den gobernuaren esku geratuko dela. «Aurreko Gobernuak erabaki dezake hartutako konpromisoak betetzea edo ez. Horien artean, lan eskaintzarekin aurrera jarraitzea edo ez».

Enpleguari dagokionez, Nafarroan ez da ezarri erretiroak ordezkatzeko tasarik. Osasunbidean, esaterako, ordezkapen oro banan bana aztertzen da, langile berri bat kontratatuko den edo ez erabaki baino lehen. Bestalde,utzi egin zaio egun bakarreko aldi baterako kontratuak egiteari. 2008an tankera horretako 16.000 kontratu sinatu ziren. LABen arabera, egun osoko 700 lanpostu suntsitzeak adinako eragina du erabaki horrek.



Funtzionarioen erretiroan aurreztu nahi du Parisek

Eric Woerth Frantziako Lan ministroak bilera saioa hasi du funtzio publikoko sindikatuekin, azaltzeko erretiroaren baldintzei buruz zer aldaketa egin nahi dituen. Woerthek esan duenez, defizita murrizteko neurrien artean dago langile publikoen erretiro saria kalkulatzeko sistema sektore pribatuko langileek dutenarekin parekatzea. Gaur egun, sektore pribatuko pentsioak kalkulatzeko, Gizarte Segurantzara gehien kotizatutako 25 urteak hartzen dira kontuan. Publikoan, berriz, kotizatutako azken sei hilabeteak. Kasu gehienetan, lan bizitzaren azken urteak izan ohi dira gehien kotizatutakoak eta, ondorioz, horiek soilik zenbatzeak pentsio handiagoa ematen du.

Lan ministroak iragarri du maiatzaren erdialdera egingo dituela proposamen zehatzak. Horien artean egon daiteke erretiro adina 60 urtetik gorago jartzea ere. Proposamen horiekin zaila izango zaio sindikatuen oniritzia jasotzea. «Aurrekontuetan [neurri horiek] izan dezaketen eragina huskeria da, gure lankideen artean sortzen duten amorruarekin alderatuta», ohartarazi dio CGCko Charles Bonissolek.





13.000

Eskaintza publikoak. Hiru urteko epean 13.000 lanpostu inguru oposizio bidez eskura jartzeko konpromiso bat sinatu zuen Jaurlaritzak ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin. Esaterako, aldi baterako 4.600 lanpostu finkatuko dira, eta 3.300 hutsune begetatibo estaliko dira.





%0,3

Soldata igoera. Espainiak ezarritakoari jarraitu, eta Jaurlaritzako nahiz Nafarroako Gobernuko langileen soldatak %0,3 igoko dira aurten. Jaurlaritzakoei, aparte, %0,5 igoko zaizkie aparteko ordainak. Nafarroak inflazioaren arabera berrikusiko du, kutxan dirua badago.





Presio fiskal handiagoarekin, funtzionario gehiago

Langileen artean funtzionario gehien dituzten herrialdeek, oro har, presio fiskal handiagoa dute. Norvegian, Suedian, Frantzia edo Finlandia zerrendako lehenak dira. Presio fiskal handiagoa izateaz gain, gastu sozialera diru gehiago bideratzen duten herrialdeak dira, salbuespenak salbuespen.





Hamar urtez eskaintza publikorik ez Jaurlaritzan

Mendeko, administrari, eta administrari laguntzaile izateko oposizioetara deituko du aurki Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 419 lanpostu aterako dira, 2008tik atzeratu den eskaintzak azkenean aurrera egiten badu. Sindikatuak ezarriko diren baldintzekin kexu dira, eta salatu duteez dela egon oposiziorik hamar urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.