Fagor Etxetresnen kontseilu errektoreak bilera hasi du arratsaldeko seietan Edesaren etorkizunaren gaineko erabaki ofiziala hartzeko. Joan den larunbatean egin zuten bilera, baina behin betiko erabakia hartu gabe amaitu zen. Baliteke talde osoarentzako konkurtsoa eskatzeko erabakia gaur hartzea ere, baina Fagorreko iturriek ziurtatu dutenez, erabakia ez dute bihar goizera arte emango. Goizean Edesako langileei jakinaraziko diete, eta arratsaldean Kontseilu Sozialari. Bihar ez bada, astea amaitu aurretik eskatuko du konkurtsoa kooperatibak.
Bilera egin aurretik langile kooperatibistek eskatu diote Mondragon taldeari ahalik eta lanpostu gehien salba ditzala. Korporazioak esan du 1.000 edo 1.200 langilerentzako irtenbidea aurkitzeko asmoa duela, horietako asko erretiro aurreratuen bidez. Azken egoera horretan daudenei erretiro "duinak" emateko eskatu dute gaur goizeko giza katean. Bihar goizean ere beste giza-kate bat egingo dute, Arrasaten, Lagun Aroren egoitzatik Mondragonen bulegoetara.
Arrasateko mobilizazioan parte hartu dute Basauriko Edesako langile batzuek ere. Joan den azaroaren 5ean hasi zuten itxialdian mugagabe jarraitzea erabaki dute, eta Basaurin manifestazio bat antolatzen ari dira, irtenbideak eskatzeko.