Mugagabeko kontratu bat bezala aurkeztu du bihartik haste izenpetzen ahalko den Enplegurako kontratu berria Dominique De Villepin Frantziako lehen ministroak. Atzo hitzartu zuten ministroen arteko bilkuran.
Mugagabeko kontratua dela edo ez, hasteko, lehen bi urteak entsegu urteak bezala iraganen dira. Ministroaren xede ofiziala lantegi ttipiak langile berriak kontratatu ditzatela bultzatzea da eta 20 langile edo gutxiago dituzten enpresei bakarrik da zuzendua kontratua. Enpresako buruak eta langileak kontratua noiznahi mozten ahalko dute. Enplegatzaileak langilea kanporatzeko aukera izanen du, justifikaziorik gabe, soilik gutun bat bidaliz. Kontratuaren lehen sei hilabeteetan bi aste lehenago abisatu beharko du langilea. Ondotik hilabete bat lehenago izan beharko da. Langileak kanporaketa gaitzetsi dezake. Ministroaren ustez, ez da arras «entsegu» garai bat kalte-ordainak zor dizkiolako langileari enpresaburuak. Hilabete sari gordinaren %8. Langabetuen zerbitzuari soldataren %2 ere zor dio. Lege berri hau ez da De Villepinek atzo iragarri zuen bakarra. Izan ere, ordenantzen bidez, Legebiltzarretik pasa gabe, orotara sei neurri berri hartu zituzten enpleguaren egoera hobetzeko asmoz. Horien arteko beste batek enpresetan joan den ekainaren 22tik kontratatuak izan diren 26 urte azpiko langileak ez dira gehiago kontuan hartuko enpresako maila sozialak kalkulatzerakoan.
Beste neurriak
Beste erabaki batek erakargarriak ez diren lanak aukeratzera bultzatu nahi ditu gazteak. 26 urte azpikoek lanbide horietan gutxienez sei hilabetez aritu direla justifikatzen badute, 1.000 euroko zerga kreditua izanen dute. Azken erabaki bat aipatzekotan, hamar langile gainditzen dituen enpresa baten karguak arintzearena nabarmentzen ahal da. Ez dituzte gehiago eraikuntza eta etxebizitzari lotu kotizazioak ordaindu beharko.
Erabaki guzti horiek eta bereziki Enplegurako kontratu berriak oposiziokoak eta sindikatuen artean kexua piztu du. Sozialisten bozeramailea den Julien Drayk «segurtasun falta» sortuko duela adierazi du. Alderdi komunistak bere aldetik, lege berri hauek ez dutela lan kodigoa errespetatzen salatu dute. Medef patronalaren buru berria den Laurence Parisot poztu da, kontratatze berrien frenoak hausten dituztelakoan. Langileen sindikatuek, beren aldetik, prekaritatea areagotuko dutela leporatu diote ministroari, eta ez duela aldiz enplegua bultzatuko. FO sindikatuak dionez, «iraunen duen prekaritatea» jartzen du abian.
Enplegurako kontratu berria abian jarriko du Frantziak Gobernuak enpresa ttipientzat
Lehen bi urteetan langilea kanporatzen ahalko du enpresako zuzendariak justifikatzerik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu