Sunsundeguiko langileek manifestaziora deitu dituzte bihar arratsalderako Sakanako herritarrak, enpresaren egoera zailari irtenbidea emateko. Erantzukizuna Nafarroako Gobernuari egozten diote ELAko eta LABeko ordezkariek, 2009an enpresa bere gain hartu zuenetik zorra asko handitu duelako baina lantegiari irtenbidea bilatzeko gai ez delako izan. Salatu dutenez, gaur egun 1,7 milioi euro ordaindu behar dituzte interesetan urtero, eta fakturazioaren zati handi horrek jaten dienez, oso zaila ikusten dute aurrera egitea.
Gainera, salatu dute zuzendaritzak ez diela informaziorik ematen eta haren asmoen berri hedabide batzuen bidez jakiten dutela. Atzo, esaterako, Nexobus izeneko atariari esker jakin zuten enpresak aurten 250 autobus egiteko asmoa duela aurten (iaz 200 izan ziren), urtearen bigarren erdian kontratu berriak lortzekotan dagoelako. Iñigo Garmendia enpresako marketin zuzendariak Nexobus-i esandakoaren arabera, "produkzioa egokitzen" aritu dira azken egunotan, "baliabideak hobeto kudeatu eta 236 lan postuei eutsi ahal izateko".
Joan den astean Sodenak geratu egin zuen autobusen produkzioa, eta berriro martxan dagoen arren,oso lan karga txikia dute. Halaber, hartzekodunen prekonkurtsoa eskatu zuen. Horren bidez eragotzi nahi zuen haren 36 milioi euroko zorraren hartzekodunek auzitegietara jotzea zor zaien dirua jasotzeko. Horren bidez hiru hilabete lortu ditu zorraren ordainketa berriro negoziatzeko. Langileak, baina, kezkatuta daude, uste baitute egoera horretan egonda kontratuak galduko dituztela. Dagoeneko bezero partikular bat galdu dute.
Sunsundeguiko langileek enpresaren kontuei buruzko xehetasunak eskatu dizkiote enpresari. Halaber jakin nahi dituzte zorrei buruzko xehetasunak, eta zein proiektu dituen enpresak aurrera egiteko.
Sunsundegui da Sakanan geratzen den enpresa nagusia. Zuzenean 236 laguneri ematen die lan, eta beste bezainbeste haren enpresa hornitzailetan. 2008Az geroztik langileak kaleratzeko hainbat erregulazio egin ditu Sunsundeguik. Azken joan den udan bertan, eta 21 lanposturen desagertzea ekarri zuen.
1980ko hamarkadan krisi larri bat jasan ondoren, talde berri baten eskutik 1990koan eta 2000koan gorakada nabarmena izan zuen Altsasuko enpresak. Nazioartean kontratu garrantzitsuak lortu zituen -Israelen batez ere-. Trenak ere egin zituen mende honen hasieran Feverentzat eta Valentziako Generalitateko trenbiderentzat, CAFekin elkarlanean kasu batzuetan. Krisiak, ordea, bete-betean harrapatu zuen eta aurreko urteotan pilatutako zorra zama astuna bilakatu zitzaion. 2009Ko irailean, ikusita enpresa porrot egitekotan zegoela, Nafarroako Gobernuak eskuhartu zuen, Sodenaren bitartez. Orduz gero, Nafarroako Gobernuak 27 milioi euroko ekarpena egin dio konpainiari, maileguen eta bermeen artean. Iragan astean beste 1,2 milioi utzi zizkion Gobernuak, zorra berfinantzatzeko eta langileei uztaileko aparteko saria ordaintzeko. Sindikatuek diotenez, maiatzera arte beste lau milioi behar ditu Sunsundeguik, hornitzaileei, bankuei edo langileei pagatzeko. Iruñeko gobernuak esan du ez duela diru gehiago jartzeko asmorik.
Joan den udan, Sunsundeguik bere autobus berria (SC7) aurkeztu zuen, Los Arcosko zirkuituan,