Enpresa batzuetan silikosiak jotako langileak %60 direla dio CCOOk

Euskadiko CCOOk gaixotasunaren eragina neurtu du Bizkaiko zenbait marmol lantegitan

Erredakzioa
2009ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bizkaiko marmol lantegi batzuetan langileen %60 inguru silikosiak jota daude. Euskadiko CCOOk egin du azterketa enpresetan, baina ez du enpresen izenik eman. Sindikatuak jakinarazi du gero eta silikosi kasu gehiago detektatzen direla; hala ere, enpresetatik kanpoko prebentzio zerbitzuei eta osasun zerbitzuei leporatu die ez direla arazoaz arduratzen eta, are gehiago, ezkutatu egiten dutela.

Espainiako Lan Ministerioaren gaixotasun profesionalak komunikatzeko eta erregistratzeko zerbitzuak (CEPROS) iaz 65 silikosi kasu detektatu zituen urte osoan; aurten, aldiz, 65 urtarrila eta martxoa bitartean, Euskadiko CCOOk emandako datuen arabera. Jesus Uzkudun sindikatuko Lan Osasun arduradunak sindikatuek egindako lanari egotzi dio atzemandako kasuen hazkundea.

Biriketako gaixotasuna

Silikosia biriketako gaixotasuna da, eta denbora askoan silize kristalinoaren hautsa arnasteak eragiten du. Gaixotasunaren ondorioak hainbat urteren ostean azaleratzen dira.

Uzkudunek atzo nabarmendu zuen silikosiak, meategietako eta harrobietako langileez gain, beste hainbati ere eragiten diela: galdategietakoei, altzairutegietakoei, marmol lantegietakoei, zeramika eta beira industriakoei, zementu fabriketakoei eta eraikuntzakoei.

Jesus Uzkudunek «ardura falta» leporatu zien enpresetatik kanpoko prebentzio zerbitzuei eta Osakidetzari. Haren esanetan, Osakidetzak silikosiak gaixotutako langileak izan ditu, baina ez du beharrezko jakinarazpenik egin.

Silikosia saihets daiteke. «Nahikoa da aireko hautsa neurtzea eta langileak babesteko tresneria erabiltzea», esan zuen Uzkudunek.

Enpresarioei eskatu die epaitegietan salaketak jar ditzatela prebentzio zerbitzuen kontra, «prebentzio aholkularitza kaskarragatik» erantzukizunak eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.