2012. urteko sozietate zergari buruzko azterketa kaleratu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren arabera, herrialdeko enpresarik handienak dira ondoren zerga gutxien ordaintzen dituztenak. Hain zuzen ere, hamar enpresa handienek irabazien %6,2 ordaindu dituzte, batez besteko tasa %11,8 den bitartean. Diru batzuk bi aldiz zergapetzea eragozten duen araua aintzat hartuta ere, alde horri eusten zaio: enpresa handien tasa zuzenduta %9,3 da, eta, batez bestekoa, %16,3. "Datuek argi eta garbi erakusten diguten bezala, gaur egungo araudia enpresa handien mesederako egituratuta dago", nabarmendu du Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendariak.
Enpresen ekarpenak urtetik urtera gutxitzen ari direla ohartarazi du foru aldundiak. Azken sei ekitaldietan geroz eta diru gutxiago bildu du ogasunak enpresen etekinetatik. Arazoetako bat, aldundiaren aburuz, kenkari batzuk mugarik gabe baliatzeko aukera da. "Gerta likete, eta gertatzen da, 40 milioi euro irabazten dituen enpresa batek ondoren %1 baino gutxiago ordaintzea", azaldu du Martin Garitanoren gobernuak, ohar batean.
Gipuzkoako batzar nagusiek sozietate zergaren inguruan gogoeta egiteko lan taldea izan zuten iaz. Orain, azterketan azaleratu diren emaitzek lan taldean atera ziren ondorioak indartzen dituztela uste du aldundiak. Hori dela eta, hemendik gutxira sozietate zerga erreformatzeko proposamen propioa argitaratuko du foru gobernuak, urtea amaitu baino lehen onartzen saiatzeko. "Gizarte zuzen eta orekatua izan dadin, irabaziak lortzen dituenak zergak ordaindu behar ditu", aldundiaren arabera. Erreforma horretan enpresek erabiltzen dituzten ihesbideak ezabatzen ahaleginduko dira.
EH Bildurena ez da mahi gainean egongo den proposamen bakarra. EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak ere sozietate zerga moldatzeko zenbait neurri jasotzen ditu. Etekinak dituzten enpresei, izaeraren arabera, gutxieneko tasa bat ordainaraztea bultzatu nahi dute. Kenkariei dagokionez, ikerketa eta garapenari emandakoei mugarik ez ezartzea ontzat jo dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, aldiz, mugarik gabeko kenkari horiek "arriskutsuak" direla uste du, enpresa batek azkenean ordaintzen duen tasa zeroraino jaisteko aukera eskaintzen dutelako.