Amaiera zoriontsurik ez du izan Porcelanas Bidasoaren historiak. Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak baimendu egin du enpresak aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientea, eta 47 langile kalean geratuko dira. Horrez gain, itxi egingo dute lantegia, ireki eta 75 urtera.
Lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordaina jasoko dute langileek. Halere, gaitzetsi egin dute itxiera. «Bidegabekeria» iruditu zaie, zuzendariak espedientea aurkezteko emandako datuak «faltsuak» direlako. Igor San Jose ELAko ordezkariaren arabera, Irungo Udalak argi esan du enpresarekin egindako akordioa ez dela aldatu, eta beraz, ez dago arrazoirik enpresa ixteko.
Orain hiruurtetik dator kontua. Porcelanas Bidasoak enpresaren lursailak birkalifikatzeko akordioa egin zuen Irungo Udalarekin. Horrela, Gizarte Segurantzarekin eta Gipuzkoako Ogasunarekin zeuzkan zorrak kitatzea eta Arasoko industrialdean beste lantegi bat egitea zen asmoa. Ekoizpena lantegi berrira eraman nahi zen, postuei eusteko.
Hasierako akordioaren arabera, Elizatxo promotorak 44 milioi euro ordaindu behar zizkion Porcelanasi lursailengatik. Enpresak, ordea, krisiaren eraginez kopuru hori murriztu egin dela dio. 30 milioi bakarrik jasoko dituela azaldu du, eta beraz enpresa berria egiteko dirurik ez dagoela.
Hainbat alderdi politikok ere kritikatu dute erabakia.Rebeka Ubera Aralarko batzarkidearen esanetan,bere garaian sinatutako akordioa hautsi egin da. Horrez eraginez, batzuk etxegintza sektoreari eskerkolpetik aberasten diren bitartean, langileak biktima direla esan du.Alternatibaren iritziz ere «eskandalagarria» da dosierra baimendu izana.
Bederatzi kaleratu Idiarten
Bildoze-Onizepeako (Zuberoa) Idiart zerrategi enpresak ere bederatzi langile kaleratuko ditu. Kanporatuak daudelako jakinarazpena eskuratuko dute datorren astean. Azaroaren 25az geroz langabezi teknikoan ezarriak daude. Bederatzi langileetarik hiru laster erretretan izanki, «haien egoera ez da hain kezkagarria» zehaztu dio Alain Ordena CGTko ordezkariak BERRIAri. Haatik, «beste sei langileen egoera da kezkagarria», haren arabera.
Haritzaren merkatua oso gaizki doalako esplikazioa eman du enpresako kudeatzaile Genevieve Idiartek. Ordenak azaldu duenez, «SNCFaren trenbidetako trabesen ekoizpenean da eskaeraren apaltzea gehienbat senditu». Hala nola, aurreko urtean, SNCFaren eskaerak negozio kopuruaren %50 osatzen bazuen, aurten %20 bakarrik osatu du. Idiartek, Errusia eta Asiako Hego mendebaldeko konkurrentzia hobendun ezarri du. 2008 bukaeraz geroztik, eskaeraren gutxitzea azkar sendi du Zuberoako enpresak. Egoerari aurre egiteko, apiriletik geroz, langile guztiak langabezi partzialean zeuden, astelehenetan ez zuten lanik egiten.
Enpresa ixteko baimena jaso du Porcelanas Bidasoak
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak baimendu egin du espedientea, eta 47 langile geratuko dira kalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu