Aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu da Ramon Vizcaino. AIAC American Industrial Adquisition Corporation inbertsio funtsaren ihesak ezerezean utzi du Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak iazko uztailean adostutako erreskate plana. Eta administratzailerik gabe, dirurik gabe, industria planik gabe eta 50 milioitik gorako zorrarekin geratu da Oiartzungo enpresa hori.
Horiek hala, irtenbiderik onena Konkurtso Legera jotzea delauste dute enpresako akziodunek; Eusko Jaurlaritzak eta Jesus Gomez Montoyak, hain zuzen. Eta hala egingo dutela jakinarazi zieten langileen ordezkariei atzo, Lakuan egin zuten batzarrean. Epaileak akziodunen eskaera onartzera, kalean geratuko dira enpresako 400 langileak.
Enpresa modu ordenatuan likidatzea da akziodunen nahia, langileei zor dizkieten zazpi nominak ordaindu eta hala dagokienei kalte-ordaina eman ahal izateko. Langileak lehenbailehen langabezia saria jasotzen hasteko, berriz, lantalde osoari eragingo dion enplegua erregulazio eskaera aurkeztu beharko du enpresak.
Konkurtso Legeari heltzeko eskaera datozen egunetan egingo dute akziodunek. Eta prozesua errazteko, karguan jarrai dezala eskatu diote Ramon De la Sotari, egungo zuzendariari nagusiari. Langileei, ostera, krisi batzordebat osatzeko aholkua eman diete, enpresak zor diena modu bateratuan erreklamatzeko. Era horretara,Fogasatik bizkorrago kobratu ohi da.
Bertsio kontrajarriak
Baina auzia ez da hor bukatzen. Izan ere, auzitara joko dute enpresako akziodunek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak —Ramon Vizcainoren hartzekodunik handiena—, uste dutelako AIAC dela enpresak porrot egitearen erantzulea. Erreskate planean hitzartu zutena ez betetzea leporatzen diote talde estatubatuarrari.
AIACek alde egiteko asmoa zuela iragan astean aurreratu zion Eusko Jaurlaritzari. Baieztatu, ordea, herenegun baieztatu zuen, Donostiako notaritza batean gainerako akziodunekin egindako batzarrean. Enpresaren egoera aztertu ostean hura zulotik ateratzeko erronka bere gain ez hartzea erabaki zuela azaldu zien. Baina Jaurlaritzaren, Gomez Montoyaren eta langileen iritziko, ardura hori aspaldi hartu zuen AEBetako taldeak.
Langileen arabera, AIACeko zenbait kidek hilabeteak daramatzate Oiartzungo lantegian. Hornitzaileekin kontratuak sinatu dituztela diote, enpresako autoak erabili dituztela, soldata Ramon Vizcainok ordaindu diela eta Ramon De la Sota zuzendari nagusi karguan jarri dutenak ere haiek izan direla. Aldiz, AIACeko ordezkariek ukatu egin dute hori. Diote inoiz ez direla izan enpresako parte, eta, horrenbestez, ez dutela inolako erantzukizunik.
Enpresa likidatzeko, Konkurtso Legera joko du Ramon Vizcainok
Porrotaren erantzulea dela iritzita, AIACen aurkako salaketa jarriko dute Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Kutxak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu