Enpresa publikoen salmenta aztertzen ari direla onartu du Yolanda Barcinak
Urtearen amaieran zerga bilketa jaitsi izanak diru sarrera gehiago bilatzera bultzatu du Nafarroako Gobernua. Espainiako Gobernuak erabakitakoaren ildotik, errenta zergaren erreforma aztertzen ari da gobernua, baina beste bide bat enpresa publikoen salmenta dela onartu zuen atzo Yolanda Barcina presidenteak. «Behin bukatuta enpresa publikoen berregituraketa —38tik 13ra igaro gara—, haietako zeintzuk sal ditzakegun aztertzen ari gara, dirua biltzeko, baina batez ere zegokien zeregina sektore pribatuak bete dezakeelako». Salgai daudenen artean Audenasa dagoela ziurtatu du Diario de Noticias-ek. Irurtzun-Tutera autobidea kudeatzen du enpresa horrek, eta haren erdiaren jabea da Nafarroako Gobernua. Miguel Sanz da Audenasako presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu