Soslaia. Miguel Angel Lujua

Enpresaburuen artzain berria

2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bukatu da Miguel Lazpiurren agintaldia. Sei urteotan egindako lanarekin «harro», atzo agurtu zituen lankide izan dituenak, eta ondorengoari pasatu zion lekukoa: Miguel Angel Lujuari. Mutualiako zuzendari kudeatzaileak kargua ilusioz hartu zuen, eta agindu, profesionaltasunez beteko duela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuentzat erreferentzia izan nahi baitu, «enpresa guztien presidentea».

Presidente estreinatu berriak zuhurtzia eta akordioetara iristeko gogoa eskatu zizkien politikariei, krisia gainditzeko modu bakarra hori dela iritzita. «Diagnostikoan ados jar daitezela eskatzen diegu, aurrera egiteko irtenbide bat hitzartzeko». Lujuak kargua hartu osteko hitzalditik bertatik ekin zion lanari, enpresaburuen interesak defendatzeari. Hala, zergetan aldaketak behar direla adierazi zuen, baina enpresei lehiakorrago izaten lagunduko dien aldaketak, presio fiskala handitzerik ez, beraz. «Fiskalitatean Europako batez bestekotik urruntzeak ez lieke mesederik egingo ez enpresei eta ez familiei». Patxi Lopez lehendakariak hiru ahaldun nagusiekin egindako bileren balioespenik egin gabe, errentaren gaineko zerga berriz indarrean jartzea akats larritzat jo zuen, «dirutzak ez direlako bultzatu behar alde egitera».

Sestaoko ekonomialariak ondotxo daki ekonomiaren egoerak erabat baldintzatuko duela bere agintaldia, agintaldi zaila izango dela, alegia. «Gasta genezakeena baino askoz gehiago gastatu dugu, herrialdeak izugarri zorpetu dira, gurea ere bai, eta hori denbora luzean ordaindu beharko dugu». Krisiak luze iraungo baitu oraindik. «Urteetan egongo gara egoera ekonomiko zailean eta egoera honetan bizitzera ohitu beharko dugu, geure onena emanez, ahalik eta gardentasun handienarekin eta kudeaketa ona eginez».

Lujuak horretarako gaitasuna baduela uste dute haren ingurukoek, profesional lehiakor, kudeatzaile on eta esperientzia handiko enpresaburuaren ospea baitu enpresaburuen artean. Irabazitako ospea, ziur asko, siderurgia industriako enpresa batean hasi eta Hego Euskal Herriko mutualitaterik handiena zuzentzera arte egin duen ibilbidean arrakastatsuagatik. Ibilbide horretan egin dituen joan-etorriek ezagun egin dute etxean eta ezagun egin dute kanpoan, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteekin ez ezik, oso harreman onak baititu Espainiako patronalarekin zein beste autonomia erkidego batzuetakoekin. Mutualiako karguari esker, beste inork baino hobeto ezagutzen ditu euskal enpresa sarea eta lan merkatua. Hori alde izango du enpresaburuekin eta sindikatuekin hartu-emanak izateko orduan. Eta ez zaio batere gaizki etorriko hori, ez baitirudi sindikatuei aparteko ilusiorik egin dienik Lujuaren kargu hartzeak. •
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.