Inbertsio berriak egiten dituzten Ipar Euskal Herriko eta Frantziako enpresek ez dute 18 hilabetez zerga profesionala ordaindu beharko. Neurriaren helburua da enpresen inbertsioa bultzatzea, Frantziako Gobernuak iritzi baitio oso apal dagoela.
Jacques Chirac Frantziako Errepublikako presidenteak iragarri zuen neurria, sindikatuetako eta patronaleko ordezkarieiEliseoan egindako harreran. Chiracek agindu zuen tasa profesionalaren ordez «industriari kalte egiten ez dion beste neurri» bat indarrean jarriko duela. Izan ere, zerga profesionala da herriko etxeak eta tokian tokiko administrazioa finantzatzeko modu nagusietako bat.Lehendakaritza inguruko iturriek zabaldu dutenez, urte eta erdian 1,5 miliar liberako kostua izango du neurriak, eta 2004ko urtarrilaren 1etik egindako inbertsio guztien gainean ezarriko da.
Inbertsioa apal
Enpresen inbertsioek behera egin zuten urteko hirugarren hiru hilekoan (-%0,1). Aldi horretan Frantziako Barne Produktu Gordinak (BPG) %0,4 egin zuen gora, atzo INSEEk emandako datu ofizialen arabera. Hazkuntza horrek baieztatu egin du Frantzia atzeralditik atera dela. Izan ere, urteko lehen hiru hilabeteotan ekonomiak ez zuen ez atzera ez aurrera egin (%0) eta behera egin zuen bigarrenean (-%0,4). Bilakaera positibo horretarako oztopo da, beraz, inbertsioaren jaitsiera, eta hori da, hain zuzen ere, atzo Chiracek iragarritako neurriak konpondu nahi duena. Industria Mekanikoen Federazioak «poz handiz» jaso du berria. Industria enpresak dira zerga profesionalaren ordaintzaileen %24, baina zergaren %60 ordaintzen dute.
Errenta zergaren merkatzea ere iragarri zuen Chiracek. Aurten gutxitu ondoren, «ondorengo urteotan ere beherantz egingo du», iragarri zuen presidenteak. Daturik ez zuen eman, ordea, defizitaren murrizketaren menpe dagoelako.
ENPRESAK. Enpresen inbertsioa zergagabetuko da
Ipar Euskal Herrian, 2004an zehar inbertitzen duen konpainiak ez du zerga profesionala 18 hilabetez ordaindu beharko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu