Enpresak sortzeko gaitasuna igo zen iaz EAEn, Bizkaiari esker

Gipuzkoan dago ekintzaile kopururik handiena, %7,1, eta Araban txikiena, %6, puntu bat erori ostean

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Krisialdiaren ondorioak agerikoak badira ere, Euskal Autonomia Erkidegoan «itxaropenerako» arrazoiak daudela esan zuen atzo Izaskun Artetxek, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia diputatuak. Enpresak sortzeko hiru lurraldeek duten gaitasuna aztertzen duen GEM Global Entrepreneurship Monitor txostenaren aurkezpenean nabarmendu zutenez, 2008an EAEko enpresa sorkuntzak gora egin zuen. Herritarhelduen %6,9 ekintzailea da, Europako Batasuneko herrien batez bestekoaren gainetik.

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ordezkari eta txostenaren zuzendari Iñaki Peñak azaldu zuenez, Gipuzkoan dago ekintzaile kopururik altuena, %7,1eko jarduera ekintzailearen tasa duela, 2007an baino txikiagoa izan arren. Negozio propioak abiarazteko gaitasunaren adierazleak Bizkaian izan du hazkunderik handiena 2,5 puntu igo ondoren, eta %6,9an dago. Araban, berriz, %6ra jaitsi da, puntu bat erorita aurreko urtearen aldean.

Datu baikorrak direla nabarmendu zuten atzoko agerraldian, «krisiaren testuinguruan» eman direlako. Horren eragin zuzena enpresa berrien hasierako kapitalaren jaitsieran sumatu dutela esan zuten, 2007an 72.000 eurokoa zela eta iaz, batez beste, 63.000 eurora jaitsi zela.

Sendotutako enpresen kopurua EAEn, sortu eta 42 hilabetera martxan daudenak, %9 direla ohartarazi zuten, aurreko urteko kopurua bikoiztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.