John Monks eta Ernest-Antoine Seilliere Europako Batasuneko (EB) lan merkatu bakarraren alde daude. Baina Monksentzat langileak EBko herrialde batetik bestera lanera joateko arauak ez daude garbi;Seillierentzat, berriz, bai. Monksen iritziz, enpresariek EBko beste herrialde batzuetako langileak kontratatzen dituzte, lan hitzarmenetan ezarritako soldatak eta baldintzak murrizteko; Seillierentzat, aldiz, arauen aplikazioa «hobetu» daiteke. John Monks Europako Sindikatuen Konfederazioko idazkari nagusia da. Ernest-Antoine Seilliere BusinessEurope enpresarien elkarteko presidentea.
Monksek eta Seillierek Europako Batzordearen aurretik hitz egin zuten atzo. Agerian utzi zuten alde handia dagoela Europako langileen mugikortasunari buruz dituzten iritzietan. Edota gaiak eragiten dien kezkan.
EBko langileak herrialde batetik bestera lanera joan daitezke. Kasu horietan lan egingo duten herrialdeko lan hitzarmenak eta baldintzak errespetatu behar dituzte. Praktikan, ordea, kasu askotan ez dute egiten. Gainera, Europako Justizia Auzitegiak zenbait sententziatan -Viking eta Laval kasuak- lehentasuna eman dien enpresen eskaerei, lan hitzarmenak errespetatzea bigarren mailan utziz.
Monksek atzo salatu zuen sententzia horiek langileen mugimendu askea bultzatu nahi duten arren, horretarako «mehatxu handia» direla: «Enpresariek langile atzerritarrak kontrata ditzakete hitzartutako soldatak murrizteko. Bertako eta atzerriko langileen arteko berdintasun araua urratzen dute. Eta hori da lan merkatu bakarraren mehatxu nagusia». Seillierek, aldiz, sententziak babestu zituen, eta ondorioak ateratzeko balio behar dutela nabarmendu zuen.
ELAren eta CCOOren salaketa
Erresuma Batuko energia plantetan Italiako eta Portugalgo langileak kontratatzeak istiluak eta grebak eragin ditu. Euskal Herrian izan da istilu bakanen bat. Bai ELAk bai Euskadiko CCOOk agerian utzi dute hainbat enpresarik langile atzerritarrak kontratatzen dituztela, bertako lan hitzarmenak ez aplikatzeko eta dirua aurrezteko. Eraikuntzan batez ere.
ELAk, nabarmendu du arazoa ez dela langile atzerritarrena, kontratatzen dituztenena baizik. «Azpimarratzekoa da», esan du ELAk, «administrazio publikoek esleitzen dituzten obretan araudia betetzen dela ziurtatu behar duten arren, ez dutela egiten».
CCOOko ordezkariek, hain zuzen, kontzentrazioa egin zuten atzo Gipuzkoako Diputazioaren aurrean, hori salatzeko. CCOOren arabera, langile atzerritarrek egunean hamabi orduz lan egiten dute, eta, hilean, 500-600 euro gutxiago kobratzen dituzte.
«Enpresariek bertako eta atzerriko langileen arteko berdintasuna urratzen dute»
Gastuak murrizteko atzerriko langileei ez dizkiete lan hitzarmenak aplikatzen, John Monksen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu