Enpresa txiki eta ertainen finantzaketari laguntzeko funtsa da Jaurlaritzak onartu duena. 600 milioi eurokoa da. Maileguen interes tasa euriborra gehi %3,5 izango da, eta hiru, bost eta zazpi urteko epeak ezarri dituzte, "enpresaren, autonomoaren edo profesionalaren aukerara" izango dena.
Ricardo Gatzagatxebarria Ogasun sailburuak jakinarazi duenez, laguntzetarako lehen deialdia egingo dute aurki enpresa txiki eta ertain eta autonomoentzat. Horretara, 300 milioi euro bideratuko dituzte, funts horretarako baliatuko duten diruaren erdia, hain justu.
Higiezinei lotutako enpresek ezin izango dute Eusko Jaurlaritzak onartu duen laguntza funtsetik mailegurik eskuratu. Bestetik, funts horretara langileen aurrezkiak kudeatzen dituzten BGAE erakundeak batu ahal izango dira, hala nahi izanez gero.
Jaurlaritzak "enplegua eta ekonomia suspertzeko konpromisoaren" barruan kokatu du gaur onartutako funtsa. Enpresa txiki eta ertain askok, "bideragarriak izan arren, finantziazio arazoak" dituztela nabarmendu du Gatzagaetxebarriak.