Espainiako argindarraren tarifaren inguruan aspaldian dagoen kaosak aparteko gertaera eragingo du apiriletik aurrera. Urteko laugarren hilean 2014ko lehen hilabeteetan argindarrak izan duen benetako salneurria ezagutuko da, eta segurutzat jotzen da aurreikusi baino merkeagoa dela; euri asko eta haize bortitza egin du azken hilabeteetan, eta horrek energia eolikoaren eta hidraulikoaren bidez sareratzen den argindarraren neurria handitu du, salneurrian gutxieneko historikoak eraginez. Urte hasieran aurreikusitako prezioak eta benetakoak ez datozela bat ia segurua da, eta horrek eragingo luke argindarraren sektoreko enpresa handiek euren bezeroei dirua itzultzea.
OCU Espainiako kontsumitzaile elkartearen arabera, tarifa arautua duten bezeroek (17 milioi daude Espainiako estatuaren barruan) batez beste 40 euro jaso dezaketela kalkulatu du. Orain arte gehiegi ordaintzen aritu direlako jasoko lukete konpentsazio hori bezeroek. Urteko lehen hiruhilekoa amaitzear dela, megawatio orduaren benetako prezioa 25 eurokoa da, OCUk dioenez. Tarifa arautua duten bezeroek pagatzen ari direna 48 eurokoa da megawatio ordua, urte hasieran egindako aurreikuspenaren arabera.
Argindarraren kontsumoa neguan pilatzen duten etxeetan (berogailu elektrikoak dituztenek) onura handiagoa izango da; hau da, enpresek gehiago itzuli beharko diete bezero horiei. Diru itzuketa martxoaren 31n egingo dute elektrikoek, betiere tarifa arautu ofiziala kontratatua duten bezeroentzat.
Nork dauka tarifa ofiziala?
OCUk jakitera eman duenez, hamar kilowatio baino gutxiagoko potentzia kontratatua dutenek daukate tarifa ofiziala, kontratu hori honako enpresekin egina badute: Iberdrola, Endesa, Gas Natural, HC-Naturgas eta E.ON.
Tarifa ofiziala ez duenak merkatu librean lotu du kontratua, eta haren arabera itzuliko diote dirua ala ez. OCUk azaldu duenez, Iberdrolako bezero guztiek eta Endesako gehienek ez dute euren kontratua tarifa arautura lotua eta, beraz, ez lukete jasoko itzulketarik. Tarifa arautuaren araberako eskaintzak onartutakoek bai, ordea.
Argindarraren prezioa kalkulatzeko sistema berriarekin gertatzen den bezala, diru itzulketa guztiak ekainera arte atzeratuko dira.