Urtarrilaren 18an sindikatuekin eta patronalarekin egindako bileran adostutako neurrien berri ematera mugatu zen Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea herenegun. Bederatzi telebista katetan zuzenean eman zuten elkarrizketa, baina ez zuen baieztatu hauteskundeetara aurkeztuko den, hala iradoki zuen arren. Behin eta berriz egin zion erreferentzia Alemaniari, eta Europarentzat onena Frantziak eta Alemaniak gidatzea dela ere esan zuen. Halaber, herritarrek atsegin ez dituzten neurriak hartzeko orduan ez dela kikiltzen erakutsi nahi izan zuen. Sarkozyren esanetan, enpresen lehiakortasuna eta enplegua dira proposatutako neurrien helburuak. Atzo, aurtengo hazkunde aurreikuspenak %1etik %0,5era murriztu zituen gobernuak.
BEZa, %21,2ra
Balio erantsiaren zerga igotzeko asmoak eragin du zeresanik handiena. Iazko urrian egindako elkarrizketa batean, hala esan zuen Sarkozyk. «BEZa igo? Erraza bezain bidegabea litzateke; kontsumoan eragingo luke». Lau hilabete geroago, iritzia aldatu du, eta orain dio BEZaren gorengo maila %19,6 ez %21,2 izango dela. 250 langiletik gorako enpreseikotizazioak murriztu nahi dizkie. Horrek 13.000 milioi euroko kostua izango duela kalkulatu du. Estatuko diru kontuek jaitsierarik ez igartzeko, konpentsazio neurri gisa proposatu du BEZaren gorakada. Frantziako presidentearen arabera, kontsumoan ez du eraginik izango, enpresak lehiakorrago izango direnez, prezioak mantendu egingo direla. Urriaren 1ean jarri nahi du BEZaren tasa berria Sarkozyk, «ordenagailuak egokitzeko denbora izateko». Inflazioa handitzeko arriskuak ez diola kezkarik eragiten gaineratu du. Alderdi sozialak esan du, hauteskundeak irabazten baditu, ez dela igoerarik izango. Sindikatuen artean ere haserrea eragin du neurriak. Kontsumitzaileei egingo diela kalte esan dute LABek eta CGTk.
Eraikitzeko aukerak gora
Datozen hiru urteetan eraikitzeko aukera handiagoa ematea da Sarkozyren beste asmoetako bat. Etxeak %30 handitu ahal izango dira horretarako baimenik eskatu gabe, era berean, lur sailetan ere %30 gehiago eraiki ahalko da. François Holland alderdi sozialistako hautagaiak esan du gizarte taldeei estatuaren lursailak emateko prest dagoela. Sarkozyren ustez, «estatua porrotera eramatea» da hori.
35 orduak, galtzear
Enpresek eta langileek lanorduak adosteko aukera izatea da hirugarren proposamena. «Lanorduen gainean soldatek izan behar duten lehentasuna edo alderantziz izan behar den aukeratuko dute langile eta enpresen artean», esan du Sarkozyk. Akordio horiek lehentasuna izango dute legearen aurrean.
Transakzioei, tasa
Finantza erakundeen arteko transakzioei %0,1eko tasa jarriko die Sarkozyk abuztuaren 1etik aurrera. «Finantza erakundeek eragin dute krisia, eta defizitaren arazoa konpontzen lagundu behar dute», azaldu du. Neurriari esker, urtero mila milioi euro eskuratuko dituela Frantziak dio.
Industriarentzat bankua
Sarkozyren hitzetan, enpresa ertainak dira Frantziako ekonomiaren motorrak. Bankuek ez dietenez behar adina diru uzten, industriarentzako bankua sortuko duela adierazi du. Mila milioi euroren funtsak izango ditu. Sindikatuei inbertsioak aukeratzeko batzordean egoteko eskatuko die.
Bekadun gehiago
250 langile baino gehiagoko enpresetan, ikasten ari diren gazteak izan beharko dute gutxienez %5ek —gaur egun %4koa da tasa—. 25 urtetik beherakoen artean langabezia tasa %20tik gorakoa dela gogoratu du.Portzentajea betetzen ez duten enpresei isunak bikoiztuko dizkiela iragarri du.
Enpresen lehiakortasuna hobetzeko, BEZa igoko duela iragarri du Sarkozyk
Prezioetan ez duela eragingo dio Frantziako presidenteak, baina sindikatuek bestelako iritzia dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu