"Aitzindaria, aurrerakoia eta handizalea". Halakoxea izango da Gipuzkoako Foru Aldundiak bi hilabeteren buruan aurkeztuko duen foru araua, enpresetan langileen boterea handitzea helburu duena. "Ekosistema berri bat" eta erroko jarrera aldaketak bultzatu nahi ditu aldundiak. "Enpresa barruko giroa aldatzeko ordua da", zehaztu du Markel Olano diputatu nagusiak. Enpresa txiki eta traktoreengandik "ahalik eta gertuen" egotea du lehentasun, jarduera ekonomikoari bultzada eman, egonkortasuna bermatu eta lehiakorragoak izateko.
Urrian ekonomia suspertzeko plana martxan jarri ostean, foru arau bat atontzen ari da orain aldundia, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan oinarrituta. Hala nahi duten langileei, enpresetako etekinetan, kudeaketan eta jabetzan parte hartzeko "zerga onurak" eskainiko dizkie. "Erabaki estrategikoetan inplikatzea eta erantzukizun handiagoa izatea nahi dugu. Susperraldi ekonomikoa bultzatzeko, etekinik handiena aterako diegu arlo fiskalean ditugun eskumenei".
Inbertsioak, "bizi proiektu" gisa
Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak zenbait neurri iragarri ditu pauso hori eman nahi dutenentzat: besteak beste, egungo egiturak jartzen dizkien "oztopoak" ezabatuko ditu diputazioak, "langileen mesederako". Gaur-gaurko egitura "motz" geratu eta beharginen beharrak asetzen ez dituelakoan, harago jo nahi du: "Zerga sistema ez da motibazio izan behar, baina ezta traba ere". Hitz politak ekintza konkretuetan gauzatzeko garaia dela uste du. "Enpresa batean inbertitzea ere bizi proiektu bat dela pentsatzen dugu, etxebizitza bat erostea izan daitekeen bezala. Hortaz, nolabait saritu behar dugu".
Enpresetako kapitalak erosteko kenkariak jasoko ditu aldundiak foru arauan, eta hiru urtetik bost urtera arte egon ahalko dira indarrean. Langileek, hori bai, baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte: gutxienez bost urtez egon beharko dira konpainian lanean eta eskuratutako akzioei bost-hamar urtez eusteko konpromisoa hartu beharko dute. Erretiroa hartzen duten jabeek, gainera, enpresa inbertsio funtsei beharrean langileei saltzen badiete "zerga tramamendu bereziez" gozatu ahalko dute. Eta ez dute 65 urte bete arte itxaron beharko orain arte bezala, 60 urtera aurreratuko baitiete horretarako aukera.
Erabakigunea, Gipuzkoan
Nazioartetik are egitasmo gehiago erakartzea —Emerson konpainiarena, kasurako— ontzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina baldintza batekin: deslokalizazioei aurre egitea, alegia, bertako enpresak bertako beharginen esku egotea. "Urteotan multinazional ugari etorri dira, eta hemengo enpresak bereganatu dituzte. Gipuzkoak galdu egin du erabakitzeko ahalmena, eta hori larria da, oso", ohartarazi du Olanok. Birkapitalizazioak egin beharra dagoen kasuetan, enpresen jabetza langileen esku geratzea da helburua, eta ez multinazionalen esku.
Zerga sisteman "gobernantza berria" sustatzeko asmoa du Markel Olano buru duen gobernuak. Hiru ardatzen bueltan harilkatuko ditu agintaldiko erronkak: finantzaketa egokia, zerga iruzurraren aurkako borroka eta gizarte politiken ongizatearen iraunkortasuna. Horretarako, jarrera, gaitasun eta eskumen aski dituztela nabarmendu du Larrañagak.
Aparteko eragozpenik ez du aurreikusi, orobat: "Gipuzkoak berezkoa du sentsibilitate berezi hori. Suspertze ekonomikoa bultzatzeko, etekinik handiena aterako diegu zergen arloan ditugun eskumenei". Halaber, ekintzailetasuna indartzeko inbertsioak egingo dituztela aurreratu du Larrañagak: "Apustu zehatzak egitea dagokigu, eta konfiantza giroa barneratzea".