Ekonomia

Epaileak 200.000na euroko bermea jarri die Urbancasako jabeei espetxean ez segitzeko

900.000 euro lapurtzea leporatzen diete Angel Crespo eta Maria Victoria Ferrer Medel Donostiako etxe agentziako nagusiei. Asteartean atxilotu egin zituzten, Herrialde Katalanetan, eta Martuteneko kartzelan daude.

2007ko urriaren 26a
18:01
Entzun
Donostiako Auzitegiko epaile batek 200.000na euroko bermea jarri die Urbancasako jabeei, eta hauek diru kopuru hori ordaindu beharko dute kartzelan segitu nahi ez badute. 900.000 euro lapurtzea leporatzen diete Angel Crespo eta Maria Victoria Ferrer Medel Donostiako etxe agentziako jabeei, eta asteartean atxilotu egin zituzten Mossos d'Esquadra Kataluniako poliziek Tortosan (Herrialde Katalanak). Martuteneko (Donostia) espetxean daude bi haiek.

Ustezko iruzurra jaso duten lagunen abokatuek helegitea jarri diote epaileari erabakiari, eta Crespo eta Ferrer baldintzarik gabe kartzelan mantentzeko eskatu dute.

Kaltetuen iritziz, ikerketarekin segitu eta Euskal Herritik kanpo ea beste kalteturen bat badagoen zehaztu beharko da. Izan ere, ustez beste herrialde batzuetan ere egin dute iruzurra; esaterako, Malagan, Logroñon (Espainia) eta Galizian. Orain, kasua Espainiako Auzitegi Nazionalak aztertuko duen edo ez erabakitzearen zain daude.

Urbancasa etxe agentzia duela lau hilabete itxi zuten. Crespok eta Ferrerrek hirigintzako promozioak eskaintzen zituzten, batez ere, Nafarroan eta Gipuzkoan. Kaltetuek dirua aurreratzen zioten Urbancasari, etxeak eraikitzeko edo lurrak erosteko. Baina agindutakoa bete aurretik etxe agentzia itxi zuten, eta, ustez, 900.000 euro inguru lapurtu zituzten. Kaltetu gehienek salaketa jarri dute. Kasu bakoitzean diru kopuru bat lapurtu dute: 6.000 eurotik 124.000 eurora galdu dute kaltetuek.

Kasu honetan lanean ari diren hainbat abokatuk salaketa guztiak batu nahi dituzte, kasua epaitegi bakar batek eraman dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.