Joan den hilean gustura hartu zuen Eroskik haren ekarpenen aurkako lehenengo salaketa kolektiboaren emaitza. Bilboko Merkataritza arloko epaitegiko Marcos Bermudez epaileak absolbitu egin zuen, eta BBVA, berriz, ekarpenak erosi zituzten 68 bezeroren dirua itzultzera zigortu zuen. Salerosketa egitean bezeroek produktuaren betierekotasun izaeraren berri ez zutela eduki ulertu zuen epaileak, eta horren erantzule bankua jo zuen, ez Eroski. Haren jaulkipena legezkoa izan zela ebatzi zuen.
Aurreko astean, aitzitik, ebazpenaren emaitza aldatu zuen auto argigarri baten bidez BBVAk hala eskatu ondoren. Eroskik pagatu behar zuela esan zuen kooperatibaren harrigarri. Ebazpenaren muinari eusti zion, baina Mondraogn taldeko kooperatibak "albo ondorio gisa" pagaburu bihurtu zuen. Eroskik beste auto argigarri bat eskatu zuen orduan, ulertu baitzuen auto horrek ez zuela behartzen, ez zuelako aldatzen jatorrizko ebazpenaren muina: Eroski absolbituta zegoela, eta BBVA zigortuta.
Bada, bigarren auto argigarria eman du epaileak gaur, baina idatzi horretan ere ez du gauza handirik argitu. BBVA eta Eroski euren artean konpondu beharko dutela esan du epaileak. "Euren interesei begira akordioa egin beharko dute, edo bestela dagokion epaitegien bidea hartu beharko dute". Alegia, epaileak argi dauka inbertsoreei euren dirua itzuli behar zaiela (ekarpenek emandako interesak ariketan sartuta), baina ez du esaten argi eta gargi nork itzuli behar duen dirua, jaulkipena egin zuenak (Eroski) edo ekarpenak merkaturatu zituenak (BBVA). Hasieran bankuaren bizkar jarri zuen diru itzulketa, okerra haren ardura izan zelala salerosketa egitean; gero, Eroskik itzuli beharko zuela esan zuen, "zeharkako ondorio gisa"; eta orain berriz, bien artean konpontzeko esan du.