Ekonomia

Epaileak kartzelara bidali du Jose Maria Bravo Irungo Ogasun bulegoko zuzendari ohia, bermepean

400.000 euroko bermea jarri dio. Ertzaintzak goizean atxilotu egin du. Epaileak bederatzi urtean iruzur egitea leporatzen dio. Beste hiru auzipetu ere badaude.

2007ko maiatzaren 18a
18:28
Entzun
Irungo (Gipuzkoa) Ogasun bulegoko ustezko iruzurra dela-eta Jose Maria Bravo hango zuzendari ohia atxilotu du gaur goizean Ertzaintzak eta, Irungo Epaitegian Almudena Ovejero epailearen aurrean egon ondoren -ez deklaratzea erabaki du-, Ovejerok Martuteneko (Donostia) kartzelara bidali du. Kartzela uzteko 400.000 euroko bermea jarri dio eta, oraingoz, Bravok ez du ordaindu. Preso dago, beraz.

Fiskalak baldintzarik gabeko kartzela zigorra eskatu du, "delituak larriak direlako, eta akusatuak ihes egiteko edo frogak ezkutatzeko edota aldatzeko arriskua dagoelako".

Bravo Irunen atxilotu dute epailearen aginduz, goizeko hamarrak baino lehen, bere Gestorian zegoela, Urdanibia plazan.

Jose Maria Bravoz gain, horren emazte Rosa Cobos, bere bazkide Pedro Maria Atristain eta Pilar Garzenea Ogasun funtzionarioa auzipetuta ditu epaileak, eta aste honen hasieran ekainaren 26rako deitu zituen deklaratzera. Iruzurra egitea, funtsak bidegabeki erabiltzea, dokumentuen faltsutzea eta dirua zuritzea egozten die Ovejero epaileak. Halaber, 16 lagun eta zazpi enpresa "biktima" gisa deklaratzera deituko ditu epaileak. Auzian agertzen diren zordunak dira.

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza ahaldun Juan Jose Mujikak aste honetan jakitera eman duenez, 1995-2004 urteen atean herrialdeko ogasuna 5.070.000 euro jaso gabe gelditu zen Irungo Ogasuneko ustezko iruzurraren erruz. Inputatuek, ustez, 1,5 milioi euro bereganatu zituzten. Fiskalaren arabera, ogasuneko informazio zuzenaz baliatzen ziren zordunei zorrak kitatzea eskatzeko. Kopuru murritzagoa ordaintzea galdegiten omen zieten, eta ordainketa ez zuten bideratzen Gipuzkoako Ogasunera. Inputatuek eurek hartzen ei zuten dirua.

Aste honetan bertan, Jose Mariaren anaia Victor Bravo EAJren senatariak utzi egin du postua. 1991-2003 urteen artean Gipuzkoako Foru Aldundian Ogasun saileko zuzendari nagusia izan zen Victor Bravo, eta urte haietan gertatu zen Irungo Ogasunean ustezko iruzurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.