Zorraren krisia. Alemaniaren parte hartzea

Epaileak, Merkelen alde

Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Berlingo gobernuak Europako erreskateetan parte hartu izanaAurrerantzean edozein neurrik Bundestagen oniritzia beharko duela ebatzi dute epaileek

Iker Aranburu.
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Arindu ederra hartu dute Europako Batasuneko buruzagiek, eta bereziki Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak. Azken urte eta erdian finantza estutasunean izan diren estatu kideak erreskatzeko onartu dituzten plan guztiak Alemaniako Auzitegi Konstituzionaleko zortzi epaileen irizpideen mende zeuden. Zorionez agintarientzat, epaileek erabaki zuten Greziako erreskateak eta EBk zorraren krisiari aurre egiteko hartutako beste neurriek ez dutela herrialdeko lege nagusia bortxatzen. Burtsek igoera handiekin hartu dute notizia, zor publikoaren krisiari orain arte emandako konponbideek langa zail bat gainditzea lortu dutelako, eta ezezkoak eragingo lukeen nahasmena eragotzi delako.

Aurrerantzean, baina, Alemaniak edozein laguntza onartu aurretik Bundestagen oniritzia beharrezkoa izango dela ebatzi dute zortzi jujeek. «Ezin da inolaz ere ulertu etorkizuneko erreskate neurrientzat txeke konstituzional zuria eman dugunik», ohartarazi du Auzitegi Konstituzionaleko bigarren ganberako presidenteak, Andreas Vosskuhlek.

Auzitegi Konstituzionalaren arabera, legebiltzar nazionalekzaindu behar dute Europako Batasunaren legediaren demokratikotasuna, eta horregatik exijitu du Bundestagek zeresan handiagoa izatea aurrerantzean onartzen diren erreskateetan, edo horietan egiten diren aldaketetan. «Parlamentuak zergei eta gastuei buruz hartzen dituen erabakiak Konstituzioak finkatzen duen sistema demokratikoaren funtsezko elementua dira», argudiatu du Vosskuhlek.

Praktikan, epaiak arazo batzuk zor ditzazkieke euroguneko buruei. Izan ere, merkatuen kolpeei bizkor erantzun nahi izateak agian ez da beti bateragarria izango erabakien gaineko kontrol parlamentarioarekin.

Bultzada Merkelentzat

Karlsruheko auzitegiko epaia bultzada handia da Merkelentzat, iritzi publiko mesfidati baten aurrean dagoelako. Azken inkestek diote herritarren %66 soilik daudela erreskateen alde. Askok uste dute Alemania hegoaldeko herrialde alferrak musu truk finantzatzen ari dela, eta «elkartasuna mugatzeko» deiak ozen entzuten dira. Prentsa sentsazionalistak eta eskuineko politikariek ez ezik, ospe handiko adituek ere jarrera hori dute.

Berez, erreskateak bermez eta maileguz osatutakoak dira, eta denak bueltan jasoz gero, Alemaniak dirutza egingo du, diru horren truke pagatu behar dituen interesen oso gainetik dagoelako Greziak, Portugalek eta Irlandak ordainduko diotena. Gainera, Alemaniari asko interesatzen zaio euroari eustea, bere esportatzaile indartsuentzat merkatu bakarra erraztu duelako.

Konstituzionalaren laguntzarekin ere, Merkelek nahiko lan izango du hurrengo asteotan Europan hartutako azken neurrientzat sostengua lortzen, bere gobernu koalizioan (CDU-CSU-FDP) disidenteak ugaritzen ari direlako. Hauteskundeetakoemaitza txarrek eskuinaren erresistentzia handitu dute. Igandean, esaterako, Mecklenburgo-Mendebal Pomerania estatuan, oposizioko SPD alderdi sozialdemokratak hamabi puntuko aldea atera zion Merkelen CDUri, eta haren aliatu FDP alderdi liberala Parlamentutik kanpo geratu zen.

Hilaren 29an, Bundestagek erabaki behar du onartzen duen edo ez Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren (EFSF, ingelesez) kopurua handitzea—praktikan, 440.000 milioi izatea— eta eskumenak zabaltzea—zor subiranoa erosi ahal izango du eta bankuak lagundu—. Handik aste batzuetara helduko dio Parlamentuak Greziaren bigarren erreskateari, eta urtea amaitu aurretik, EFSF 2014an ordezkatuko duen Europako Egonkortasun Mekanismo finkoari.

Berez, litekeena da Merkelek bozketa horiek guztiak irabaztea,SPDk eta Berdeek jada iragarri dutelako aldeko botoa emango dutela. Baina kantzilerraren lidergoa oso ahulduta geratuko litzateke oposizioaren laguntza behar izango balu, eta ez da erabat baztertu behar hauteskundeak aurreratu behar izatea.

Giro horretan ekin dio Merkelen Bundestagen sostengua lortzeko borrokari. «[Auzitegi Konstituzionalaren] Epaiak erabat berresten du gobernuaren politika», esan du, Europarekiko elkartasuna eta Parlamentuaren eskubideak uztartzen dituelako, haren iritziz.2012ko aurrekontuei buruzko eztabaidan, ziurtatu du legegintzaldi honen lehentasuna Europa finantza krisitik ateratzea dela, «Alemaniak lortu duen arrakasta berarekin». Alemaniaren patua «zalantzarik gabe, Europaren etorkizunarilotuta» dagoenez, Europari laguntzea derrigorrezkoa dela adierazi du, bestela Alemaniak berak sufrituko duelako.

Azken urte eta erdian Europako itunetan egindako aldaketak ezinbestekoak izan direla azaldu du Merkelek, Lisboako ituna ez zegoelako prestatuta euroguneko herrialde batek porrot eginez gero aurre egiteko. «Bideluzea eta zaila izango da, baina egokia etorkizunera begira».

Mezu europazale hori leundu du Merkelen aliatu bavariarrak. Horst Seehoofer CSUko buru eta Bavariako lehen ministroak ziurtatu duenez, «Auzitegi Konstituzionalaren epaiak behin betiko amaitu du eurobonuei buruzko eztabaida». Haren esanetan, «Auzitegi Konstituzionalak errealitatera itzuliarazi ditu Europari eskuduntza gehiago ematea amesten dutenak, Europako gobernu ekonomikoa edo Europako estatu federatuak barne».

Europako Batzordeak, berriz, ez du bere lasaitua ezkutatu. «Erabakia pozez hartu dugu, […] eta garrantzitsua da kide batzuei eragiten dien zor subiranoaren krisiaren aurka borrokatzeko gaitasuna ematen duelako», azaldu du Pia Ahrenkilde bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.