Bilboko merkataritza arloko epaitegiak erabaki du Francesc Miro administratzaileak eraginda sartu zela hartzekodunen konkurtsoan RTV Bermudez enpresa. Besteak beste, kontabilitatean irregulartasunak egitea, konkurtsora beranduegi jotzea eta urteko kontuak epean ez aurkeztea egotzi dio. Epaileak hiru urterako gaitasungabetu du Miro. Horrez gain, Establishments Miroren eta bere artean ordaindu beharko dituzte kreditu konkurtsal guztiak, %40ko eta %60ko hurrenkeran. Administratzaile batek hartzekodunen konkurtsoan izandako arduragatik jarritako zigorrik handienetakoa da.
Bermudezek Gasteizen, Galdakaon eta Barakaldon zituen lantegiak. 2001en Kataluniako Miro taldeak eskuratu zuen. 2012an egin zuen hartzekodunen konkurtsorako eskaera. Likidazioa fasean eskatu zuen administratzaile konkurtsalak Establisments Miro enpresa eta Francesc Miro errunduntzat jotzeko, eta fiskalak babestu egin zuen eskaera.
Topatutako irregulartasunen artean dago, esaterako, 2009an 1,65 milioi euroko ondasun garbia baloratu zuela hasiera batean, eta urte amaierarako 12,5 milioi negatibora aldatu zuela kopurua, "akats soil bat" aipatuta. 2010ean Zenit auditoriak ez zuen iritzirik eman nahi izan 2010eko irabazi eta galeren inguruan. Era berean, 2010eko kontuetan Establisments Mirori 9,17 milioi euroren erosketak egin izana aipatzen zen; alabaina, Establisments Miroren kontuek zioten salmentak 15,1 milioi eurorenak zirela. Aldea arrazoitzeko BEZaren faktura zuzentzen zuen agiria aurkeztu zuen, ia zazpi milioi eurokoa.
Epaiaren arabera, irregultasun horiek galerazi zioten hartzekodunei enpresaren benetako egoeraren berri izatea.