Cegasako 275 langileek nahi ez zuten erantzuna jaso dute Gasteizko auzitegiaren aldetik. Enpresa batzordearen iturrien arabera, epaileak oniritzia eman dio guztiak kalean utz ditzakeen erregulazio espedienteari. Oraindik ez dute epaiaren argudioen berri, baina langileentzat «oso albiste txarra» dela nabarmendu dute. Langileek elkarretaratzea egin dute auzitegiaren atarian.
Langile batzordeak aurreratu du helegitea jarriko duela epaiaren aurka: «Borroka ez da hemen amaitzen. Ez dugu etsiko». Azken hilabeteetan, behin eta berriz eskatu diete langileek epaileari erregulazio espedientea atzera botatzeko. Uste dute Cegasaren konkurtsoa kudeatu zuen administratzaileak muzin egin diela haiekin hartutako konpromisoei. Besteak beste, salatu dute ez dela betetzen ari kalte-ordainei buruz, edo beste enpresetan kokatzeko aukerei buruz hitzartutakoa. CCOO, ELA, LAB eta ESK sindikatuek osatzen dute batzordea.
1934an sortu zuten Cegasa taldea, eta nagusiki bateriak eta etxeko tresna txikiak egiten zituen. 2008an bateria arrunten ekoizpen osoa Txinara eraman zuen, baina hori ez zen nahikoa izan enpresaren galerak txikitzeko. Iaz sartu zen hartzekodunen konkurtsoan, 900 langile zituela (500 Euskal Herrian). Abenduan iragarri eta 2015. hasieran gauzatutako akordio baten arabera, Oñatiko lantegia, Gasteizko beste aktibo batzuk eta 131 langile Sherpa Capitalen esku geratu dira.