Lan merkatua

Epaileei erregulazioak baliogabetzeko gaitasuna kentzea proposatu dio OCDEk Espainiari

Troikak Rajoyren gobernuari egindako aholkuekin bat egin, eta haratago joan da OCDE, kaleratzeen kalte-ordainak txikitzea ere nahi baitu. 

Laminaciones Arreguiko langileak, elkar besarkatzen, epaileak espedientea balio gabe utzi ondoren, iazko urrian. RAUL BOGAJO, ARP
xabier martin
2013ko abenduaren 18a
14:04
Entzun

Gero eta argiagoa da PPren gobernuak luze gabe ekingo diola bigarren lan erreformari, eta horren inguruan Europatik datozen presioak ere zalantzarik gabekoak dira. Troikak 2012ko erreformari bigarren estutua emateko "beharra" helarazi zion Rajoyri astelehenean, eta gaur, berriz, OCDEren aholkuak iritsi dira. Kaleratze kolektibo bidegabea indarrean jartzea nahi du erakunde horrek, epaitegiek lan erregulazio dosierrak baliogabetzeko duten gaitasuna gal dezaten. Horrez gain, kontratu mugagabeen froga epeak luzatzea proposatu du, langile berriak epe luzeagoz aztertzeko. Enpresariek helburu horrekin aldi baterako kontratuak erabiltzen dituztela dio OCDEk, eta horregatik uste du froga epea luzatu behar dela. Hirugarrenez, kontratu mugagabea duten langileen kaleratzea merkatzea nahi du, aldi baterako kontratua duten langileen pare jar dadin ahal den neurrian.

Finean, jakina da 2012ko lan erreforman hainbat aldaketa datozela, besteak beste Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak hala onartu duelako, eta aldaketa horietan negoziazio kolektiboa berriro ere ahulduko dutela ematen du. Aste honetan bertan Espainiako patronalak, CEOEk, esan du ezin dela onartu epaileek araua "interpretatzea" lana erregulatzeko dosierren kasuan. Joan Rosell CEOEko presidentearen ustez, "araua ez bada argia aldatu egin behar da".

Malgutasuna, "oinarrizkoa"

De Guindosek berak onartu zuen aurreko astean negoziazio kolektiboan aldaketa batzuk egingo zituztela lan erreformaren bigarren zatian. Beraz, pentsatzekoa da aurki jakinaraziko dituzten aldaketen artean horixe bera egotea, eta epaileen esku hartzeak kaleratze kolektiboetan moztea edo erabat murriztea. Kaleratzeak are errazagoak eta merkeagoak bihurtzea izango litzateke azken helburua.

OCDEk goraipatu egin du Espainiak egindako lan erreforma, "kontratu mugagabeak sustatu" dituelako. Justu aurkakoa gertatu den arren, erakunde horrek dio kaleratze kolektiboak murriztu dituela eta horretan sakondu behar dela. Malgutasuna areagotzea "oinarrizkoa" jotzen du enplegua sortzeko eta soldatak apaltzeko.

Espainiako gobernuak badu bigarren errefomari ekiteko nahikoa babes nazioartean. Troikak eta OCDEk oniritzia eman ez ezik bidea markatu diote. Aurki ikusiko da PPk dekretu bidez edo lege proiektu bidez egingo duen, baina bigarren lan erreforma "idatzita dago", eta dokumentu horretan langileei egingo zaie kalte zehatza, eta haren neurria jakitea besterik ez da falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.