Auzitegi Gorenak arrazoi eman dio ELAk aurkeztutako helegiteari, eta legez kanpokotzat jo du eraikuntza sektorean lan egiteko txartel profesionala derrigorrezkoa izatea. ELAk atzo Iruñean jakinarazi zuenez, Gorenak arrazoitu du txartel profesional horrek lanerako eskubidea urratzen duela eta ez dela ezinbestekoa txartel hori lortu behar izatea: «Txartela soilik langileak prestakuntza duela egiaztatzeko era bat da, baina ez da bakarra. Txartel profesionalik ez izatea ez da inor kontraturik gabe uzteko arrazoi izango».
Duela lau urte, Espainian, eraikuntza sektoreko azpikontratazioa arautzeko legea onartu zen, eta betebehar gisa ezarri zuen langileek prestakuntza bat zutela egiaztatu behar zutela, azpikontratazio prozesuan sartu ahal izateko. Handik gutxira, 2007an, estatu mailako IV. hitzarmen orokorrean ezarri zen eraikuntzako txartel profesional bat ezinbestekoa izango dela 2012tik aurrera eraikuntzan lan egin ahal izateko.
Hitzarmen horren arabera, txartel hori jaso ahal izateko, langileak lan segurtasun arloko zortzi orduko ikastaroa jaso behar du. Alabaina, ELAk salatu duenez, txartel profesional hori Eraikuntzako Fundazio Laboralari dagokio. Fundazio hori CCOO eta UGT sindikatuek eta eraikuntza sektoreko enpresek osatzen dute, «eta pribatua izanagatik, diru publikoarekin finantzatzen da». Espainiako Gobernuak 2008an 48 milioi euro eman zizkion fundazio horri, iaz 46 milioi eta aurten 40 milioi. Datorren urtean, 92,4 milioiko aurrekontua izango du fundazioak.
ELAren aburuz, CCOOren eta UGTren finantzaketa iturri bihurtu nahi dute fundazio hori. Bigarrenik, eraikuntzan lan egin ahal izateko bidea blindatu nahi izatea aurpegiratu die CCOOri eta UGTri. Hirugarrenik, negoziazio kolektiboa zentralizatzeko lehen saio gisa ikusten du ELAk hitzarmen hori. Azkenik, larritzat jo du enpresak ardura saihestu eta segurtasun inguruko formazioa langileen esku uztea.
Horren guztiaren aurka, ELAk Espainiako Auzitegi Nazionalean helegitea aurkeztu zuen estatuko hitzarmen horren aurka. Lehen auzialdian helegitea atzera bota arren, auzia Gorenera ailegatu da, eta horrek bere epaia eman berri du. Epaiak, txartela ezinbesteko izatea legez kanpokotzat jotzeaz gain, estatu mailako hitzarmenak langileen estatutua urratzen duela dio. Epaiaren arabera, estatu mailako hitzarmen batek ezin ditu indargabetu lurralde edo enpresa hitzarmenak.
Eraikuntzako txartel profesionala behar dela ukatu egin du Gorenak
ELA pozik azaldu da legez kanpokotzat jo delako eraikuntzan lan egiteko txartela lortzea derrigorrezkoa izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu