Espainiako finantza sisteman aritzen diren aurrezki kutxek 217.000 milioi euroren inbertsioak dituzte eraikuntzaren sektorean. Zatirik handiena, 173.000 milioi euro, eraikuntza enpresei eta enpresa sustatzaileei emandako maileguak dira, orotara emandako kredituaren %18 hain zuzen; beste 44.000 milioi euroak zorrak ordaindu ezinik gelditutako bezeroen etxebizitzei dagozkie. Krisiak adreiluaren sektoreari eman dion zartakoaren ondorioz, ordea, egindako inbertsioaren zati bat galdu egingo dute aurrezki kutxek. Zenbat galduko duten denborak erakutsiko du. Zenbat gal dezaketen, ordea, kalkulatu du Espainiako Bankuak: 100.000 milioi euro, inbertitutako diruaren %46.
Horietatik 28.000 milio euro zalantzazko maileguek eragindako galerak lirateke; beste 28.000 milioi euro zaintzapean dituzten mailegu arruntek eragindakoak; eta 44.000 milioi euro maileguak ordaindu ezin zituzten jabeei kendutako etxebizitzek eragindakoak. Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak berak eman ditu datu horiek, finantza sistema indartzeko Espainiako Gobernuak iragarritako neurriak baliosteko agerraldian. Azaldu du Espainiako Bankua arreta handiz jarraitzen ari dela zalantzazko inbertsioen kontua, galera horiek erakundeen kontuetan eragin ditzaketen gorabeherengatik.
Orain arte izan dituzten galerak oso-osorik estali dituztela baieztatu du Espainiako Bankuko bruruak, eta etorkizunekoei aurre egiteko neurriak hartzen ari direla. Eraikuntzak eragindako galerei aurre egiteko kutxak sortu dituzte, eta haietan gorde dute irabazien zati bat. Gaur dutenarekin zalantzazko inbertsioen %31 estaliko lituzkete. Diru gehiago behar izatera, berriz, kutxa orokorrera joko lukete; ustekabeko gastuetarako erakunde orok duen kutxara, hain zuzen. Bi kutxetan duten diruarekin zalantzazko inbertsioen %38 estali ahal izango lituzkete gaur.
Horrenbestez, Fernandez Ordoñezen ustetan, ez dago arrazoirik pentsatzeko benetako galerak erakundek aitortu dituztenak baino handiagoak izango direla, «ez bolumenari dagokionez, barne produktu gordinaren %9aren parekoa delako; eta ez zenbatekoari dagokionez, gardena, arautua eta zuhurra delako». Argitu du aurrezki kutxek arriskuen inguruan oso informazio xehatua eta zehatza eman diotela Espainiako Bankuari, eta esan du harro dagoela etxegintzako aktiboak egoki balioesten ari direlako. «Beraz, ez du zentzurik zerbait ezkutatzen dutela pentsatzeak».
Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek ere badituzten zalantzazko inbertsioak eraikuntzaren sektorean. BBK-k 3.574 milioi euroren maileguak eman dizkie sektoreko enpresei, eta horietatik %45 zalantzakoak dira. Cajasurrekin bat-egitearen ondorioetako bat izan da hori.
Kutxak, berriz, 1.713 milioi euroren maileguak eman ditu eraikuntzan, eta laurdena pasatxo lirateke zalantzakoak. Vital Kutxaren kasuan txikiagoa da portzentajea: 1.253 milioi euroren maileguak eman ditu, eta %13 dira zalantzazkoak. Banca Civicak, azkenik, 9.187 milioi euroren inbertsioa egin du eraikuntzan, eta %12 pasatxo dira zalantzazkoak.
«Behar-beharrezko neurriak»
Finantza sistema indartzeko Espainiako Gobernuak ostiralean iragarritako neurriez ere hitz egin du Fernandez Ordoñezek. Gustura azaldu da, gainera, neurriak berandu baino lehen hartu izanagatik. «Kanpoko finantzaketari eusteko guztiz beharrezkoak ziren neurriak. Garaiz hartu ezean, kanpotik datorkigun finantzketan jaitsiera izango genuen, eta horrek, aldi berean, kredituan murrizketa handiak eragingo zituen». Finantza sistemaren berregituratzea ongi egin zela diotenekin ez nator bat. «Ez da nahikoa. Gauzak aldatzen badira, erreakzionatu egin behar da». Haren iritziko, orain arte egindako ahalegina aitortu behar zaie aurrezki kutxei, 45 erakunde izan ondoren orain hamazazpi talde direlako. «Egindakoa harro egotekoa da, baina ez du esan nahi gehiago egin behar ez denik».
Fernandez Ordoñezen hitzetan, ostiralean onartutako lege dekretuak «jaiotzerako irabazi du lehen borrokaldia, merkatuetara lasaitasuna ekarriko duelako eta Espainiarekiko mesfidantza uxatuko duelako». Onartu du ez dela erraza izango Espainiako Gobernuak finantza erakundeei jarri dizkien baldintza guztiak betetzea, oinarrizko kapitalarena kasu. Baina denek lortuko dutela sinetsita dago.
Gainera, esan du erakundeek hasieran aurreikusitakoa baino diru publiko gutxiago beharko dutela oinarrizko kapital baldintzak betetzeko. 20.000 milioi euro aurreikusi zituzten hasieran, eta zenbat zehaztu ez duen arren dezente gutxiago izango dela ziurtatu du Miguel Angel Fernandez Ordoñezek. Gaur egun banku sektorea ordenatzeko FROB funts publikoan 7.500 milioi euro daude erabilgarri.
Eraikuntzan inbertitu dutenaren erdia gal dezakate aurrezki kutxek
Inbertsioaren %46 inguru zalantzazkoa dela esan du Espainiako Bankuak; 100.000 milioi euro daude jokoanKapital baldintzak betetzeko 20.000 milioi euro baino gutxiago beharko dituzte kutxek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu