Eraikuntza alde batera utzita, argazkia beste bat izango litzateke. Baina ekonomiaren parte da, onerako eta txarrerako. Etxebizitzaren burbuilak ekarpen esanguratsua egin zion hainbat urtez barne produktu gordinari (BPG). Orain, kontrakoa gertatzen ari da, eta hazkundea trabatzen ari da. Beste sektore guztien ekarpena hobetu egin da, baina eraikuntzaren zuloak ez du etenik, eta erorketa azkartzen ari da, gainera.
Urteko hirugarren hiruhilekoari dagozkion EAEko kontu ekonomikoak argitaratu zituen atzo Eustatek. Uztaila eta iraila bitartean eraikuntzak %6,1 egin zuen atzera, aurreko urteko tarte berarekin alderatuz gero. Azken bi urteotako daturik txarrena da. «Etxebizitza berrien salmentan izandako igoera esanguratsua ez da aski izan sektorea suspertzeko, azken urteotan pilatutako stock handiaren ondorioz», azaldu zuen Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak, kontu ekonomikoak aztertzeko egindako agerraldian.
Defizita murrizteko neurrien eragina ere nabaritzen ari da eraikuntzan. Izan ere, etxebizitza publikorako eta obra zibilerako funtsak gutxitu dituzte administrazioek. Aurrera begira, ordea, itxaropenerako datu bat eman nahi izan zuen Agirrek. «Eskaeraren aldetik, inbertsioari dagokionez, obra zibilaren eta etxebizitzaren egoera hobetzen ari dela badirudi».
Urteko aurreikuspena, gora
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak ez atzera ez aurrera egin zuen uztailetik irailera, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Hala ere, urte arteko tasan hazkundea %0,6 izan zen, aurrekoan baino hamarren bat gehiago. Eusko Jaurlaritzak ez du oraingoz ofizialki aldatuko urte osorako duen hazkunde aurreikuspena - %0,2-, baina hortik gora egongo dela espero du orain Ogasun Sailak. «Behera ez du egingo, zer edo zer gertatzekotan, hoberako izango da», sailburuaren arabera.
Hirugarren hiruhilekoan argitu beharreko zalantzen artean, kontsumo pribatuaren norabidea zegoen. Uztaileko BEZaren igoerari aurre egiteko asmoz kontsumitzaileek erosketa handiak aurreratu izanaren efektuaren zain zegoen gobernua. Bada, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, %0,9 jaitsi da familien kontsumoa, hainbat aldagaik -txikizkako merkataritza, auto eta etxebizitza salmenta txikiagoak- iradokitzen zuten modura. Haatik, urte arteko tasan %1,2 igo da, eta hori ontzat jo du Jaurlaritzak. «Espero baino hobea izan da, eta nahiko ongi gainditu da espero zen erosketen aurrerapen hori».
Herritarrek krisiaren irteeraren inguruan dituzten itxaropenekin lotu zuen Ogasun sailburuak kontsumoaren bilakaera. «Krisia gainditzen ari deneko ustea zabaltzen den neurrian, aurretik zuten mailara bueltatuko dira kontsumo ohiturak», Agirreren hitzetan. Hala, behin-behineko pizgarrietatik aparte -autoak erosteko laguntzak, esaterako- kontsumoaren hazkundea familien konfiantza handitu izanari egotzi zion.
Enpleguaren egoerari dagokionez, joan den asteko mezu baikorra defendatu du Jaurlaritzak. Eustatek egindako kalkuluen arabera, ez da lanposturik sortu uztailetik irailera, baina iaz baino %0,2 okupatu gutxiago daude soilik. «Enplegu garbia sortzen hasteko atarian gaude».
Industria, motorra
Joan den urtean erorketarik handienak jasan eta gero, industria bihurtu da hazkundearen euskarri nagusia. Urte arteko tasan %1,4 handitu zen industriakoBPGa. Lehen aldiz azken bi urteetan ekarpen positiboa izan zuen hala urte arteko tasan nola hiruhileko arteko tasan. Zerbitzuen ekarpena ere aldekoa izan da, baina aurreko hiruhilekoetan baino eskasagoa.
Lurraldeen artean gorabehera esanguratsuak daude. Arabak du urte arteko hazkunderik handiena (%2,3), baina aurreko hiruhilekotik erori da BPGa (-%0,3). Iaztik %0,3 hazi da Bizkaia, eta Gipuzkoan ez dago aldaketarik.
Eraikuntzaren faktura
Etxebizitzaren eta obra zibilaren erorketa azkartzen ari da, eta ekonomiak hazkunde sendoagoa izatea trabatzen ari dira EAEn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu