Arcelor Mittaleko Zumarragako langileek euskal erakundeen bitartekaritzan jarritako itxaropenak zapuztu ditu enpresak. "Errespetuzko giro batean", ezezko batekin erantzun die Arcelor Europako buruzagitzak euskal erakundeei eskaerei.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusiak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak eskatu diote multinazionalari ez dezala planta itxi, eta inbertsioak egin ditzan fabrika lehiakorra izan dadin.
Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldu duenez, aukera bakarra geratzen da Zumarragako altzairutegiak irekita jarraitzeko: beste norbaitek planta erostea. "Arcelor aukera hori aztertzeko prest azaldu da, baina ez da horren zain geratuko", dio Ekonomiaren Garapenerako Sailak.
Hurrengo egunotan erakundeak Zumarragako langileekin bilduko dira gaurko bileraren berri emateko.
Bilera, ostegunean
Joan den asteazkenean Arcelor Mittalek amaitutzat jo zuen Zumarragako lantegiaren geroari buruzko kontsulta epea. Enpresak ez zuen atzera egin ekoizpena Asturiasera bidaltzeko asmoan —duela ia hiru aste eten zuten—; soilik txatarra biltzeko baliatuko du Zumarraga. Zortzi langile baizik geratuko lirateke geratuko. Beste 24 langileri erretiro aurreratua emateko prozesua abian dela dio enpresak. 250 langiletik gora Asturiasko fabriketara igorri nahi ditu multinazionalak, eta 50 Euskal Herrian dituenetara mugitu nahi ditu.
Orain arte lekualdatzeak eta kalte-ordainak negoziatzeari uko egin diote langileek, baina ostegunean zuzendaritzarekin izango duten bileran hori tratatzea onartu dute. Enpresak proposatu die lekualdatzea diruz lagundu eta Zumarragako soldatei eustea. Enpresa uzten dutenei 28 eguneko soldataren adinako kalte-ordaina eskaini die, hamabost hilabeteko mugarekin.
Ostegunean ere beste bilera bat egingo dute Arcelor Mittaleko buruek Euskal Herrian. Sestaoko ACB altzairutegiko langileei esplikatu behar diete zein proposamen egin duten udatik aurrera planta asteburu batzuetan irekitzeko. Harrera hotza egin diete langileek proposamenari, ekoizpen mugatu baterako delako.