Gehiengo sindikala. Manifestazioa Madrilen

«Erakutsi dugu existitzen dela beste sindikalgintza bat»

Lau mila pertsona baino gehiago bildu dira Madrilen lan eta bizi baldintzak erabakitzeko eskubidearen aldeko protestanCCOOren eta UGTren aurkako oihuak egin dituzte ibilbide osoan

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, langileei hitz egiten, Espainiako Lan Ministerioaren aurrean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Madril
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herritik 57 autobus eta Galiziatik beste hamabost. Kataluniatik eta Kanaria uharteetatik ere hainbat eta hainbat ordezkari, eta Aragoitik ere bai bakarren batzuk. Lau mila pertsonatik gora elkartu ziren azkenean, atzo, Madrilen, euskal gehiengo sindikalak, Galiziako CIGek, Kanarietako Intersindikalak eta Kataluniako CSCk antolatutako manifestazioan. Halako zerbait egiten zuten lehen aldia zen. Sindikatuak, ordea, oso pozik geratu ziren edukitako arrakastarekin, «bestelako sindikalgintza bat existitzen dela erakutsi dugulako».

Goizean goiz abiatu ziren ordezkari sindikalez betetako autobusak Espainiako hiriburura. Ahal zuenak lo pasa zituen lehen orduak; gerora, ordea, umorea nagusi. «Nork esan behar zigun guri Madrilera joan behar genuela», zioten Donostiatik ateratako ELAko autobus batean. «Zerbait lortuko dugun ez dakit, baina sobran behintzat ez dago bidaia hau», beste batek. «Norbaitek hasi behar du mugimendu hau, eta gu horretarako beti gaude prest; ea besteek ere ikasten duten», hirugarren batek.

Gasteizko LABen autobusean ere jendea gogotsu joan zen. «Guretzat gauza berria da Madrilen manifestatzea; zalantza pixka bat egin dugu, baina ilusioa ere badago», zioen emakumezko batek. «Gauza berriak egitea beti dago ondo, eta indarrak batzea ere bai», beste batek.

04:30ean atera ziren autobusak Donostiatik; 05:00etan Bilbotik. Lo gutxiago egin zuenik ere izan zen. «01:00etan atera gara, autobusa oso deserosoa zen, baina langileon arteko elkartasuna sekulakoa izan da. Merezi izan du. Madrilen argi eta garbi erakutsi behar dugu ez diegula utziko gure eskubideak lapurtzen», zioten Vigotik joandako Antonio eta Ricardo Oterok. Manifestazioa amaitu bezain pronto hartu zuten Galiziarako bidea berriro, batzuek gaueko txandan lanera sartu behar baitzuten. «Galizian oso gaizki daude gauzak; ontzioletan egiten dugu guk lan, eta enpresak krisiaren aitzakiaz baliatzen ari dira lan baldintzen aurka egiteko», zioten, kexu.

Hegazkinez egin zuten bidaia Kanaria Uharteetakoek. «300.000 langabe daude Kanarietan; hiru biztanletatik bat pobreziaren mugaren azpitik bizi da. Hori salatzera etorri gara», esan zuen Kati Daria Intersindical Canariako kideak.

Berandu iritsi zen Tenerifeko hegazkina. Beste guztiak, ordea, 11:00 ingururako Santiago Bernabeu estadioaren ondoko Miro plazan zeuden, sindikatuetako banderak eskuan eta itsasgarriak elastikoetan. Trukatu ere egin zituzten sindikatu batekoek eta bestekoek elkarren artean. Galiziako bandera eskuan eta ELAko eta LABeko itsasgarriekin ibili ziren asko. Ordezkari gehienak euskal herritarrak izan arren, ikurrin gutxiago zeuden.

Independentzia eskaera

11:30ean hasi zen manifestazioa. Lan eta bizi baldintzak gure herrian erabaki, zioen pankartak, eta hari eutsian joan ziren Adolfo Muñoz eta Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusia eta idazkari nagusiaren ondokoa; Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnika LABeko idazkari nagusia eta idazkari nagusiaren ondokoa; Hiruko Patxi Agirre; EILASeko Begoña Arrondo; Gipuzkoako EHNEko Iñaki Lazarobaster; CIGeko Suso Seixo; Intersindical Canariako Antonio Sarda; eta CSCko Isabel Pallares.

Independentzia oihukatuz abiatu ziren, eta lotsagabeak erantzun zien manifestazio aurretik pasatu zen gizonezko batek. Tentsioa izan zen orduan, baina segituan baretu zen giroa, eta ez zen aparteko arazorik izan. Laburra izan zen manifestazioa; segituan egin zuten Lan Ministeriorainoko bidea; momentu batean ere ez ziren isildu, ordea. CCOO, UGT eta patronalaren aurkako oihuak izan ziren gehienak, eta baita borroka da bide bakarra, erreformarik ez eta halakoak ere, euskaraz, galizieraz nahiz gaztelaniaz.

Independentzia eskatuz sartu ziren Ministerioaren atarira ere. Gaita eta pandero jotzaileen bi piezarekin hasi zen ekitaldia. Dantzan jarri zuten jendea. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak hartu zuen hitza gero. «Bi urte daramatzagu guk sortu ez dugun krisia salatzen, eta gaur hemen esaten dugu, Lan Ministerioaren aurrean, ez diegula gure eskubideei uko egingo», esan zuen. Jo ta ke, irabazi arte, esanez erantzun zuten gainerakoek. Konfrontazioa bultzatzen duen sindikalgintza goraipatu zuen, «langileentzat alternatiba bakarra delako». CCOOri eta UGTri langileak alde batera uztea leporatu zien.

Txaloz hartu zuten Seixo ere. «Espainiako iritzi publikoak ikusi behar du Espainian aritzen diren sindikatu guztiak ez daudela otzanduta eta ez daudela boterearen menpe», esan zuen. «Urtarrilaren 27an guk greba egin genuen, beste batzuek gauez eta saldukeriaz gobernuarekin eta patronalarekin akordioa sinatu zuten bitartean».

Beste eredu ekonomiko eta sozial bat eskatu zuen Seixok, «aberastasunaren banaketa justua, irakaskuntza, osasungintza, enplegua, pentsioak, etxea, ura, energia, bakea eta herrien subiranotasuna bermatzen dituena».

Adolfo Muñozen adierazpenak etorri ziren gero. Kapitalak exijitu eta gobernuek onartzen duten «lapurretari» ezetz esateko galdegin zien langileei. «Kaleratzea erraztu eta merkatu duen lan erreforma bat eman diete, enplegu duinen ordez prekarioak hedatzeko; pentsioen erreforma bat ere bai, eta bankuetako pentsio funts pribatuak pozez zoratzen daude, prestazio publikoek maila duin bati eutsiz gero euren negozioa ez zela haziko uste baitzuten».

Langileek ez dutela merezi kapitalak hartutako erabakien gainerako antzerki lanak ikusterik azaldu zuen, «Berlusconik, Zapaterok, Merkelek, Cameronek, Socratesek, Lopezek, Bilbaok eta Olanok, bakoitza bere ahalmenen barnean, politika berak egiten dituztelako».

Hurrengo erreformaren kezka

Lan erreforma eta pentsioen erreforma ere bai, baina batez ere CCOO, UGT, CEOE eta Cepyme negoziatzen ari diren negoziazio kolektiboaren erreforma salatu nahi zuten atzo sindikatuek. Horren harira, aipatu zuen estatua krisiaz baliatu dela ekintza politiko, sozial eta sindikalerako tresnak kentzeko. Etxaidek eta Seixok egin bezala, Muñozek ere CCOOren eta UGTren lana kritikatu zuen. «Beste sindikatuen eragina gutxitzeko monopolioa lortu nahi dute, bost axola die langileen lan baldintzak okertzeak». Egoerari aurre egiteko, legeak egiteko ahalmena eskatu zuen, «lan baldintza duinak defenditu ahal izateko».

Txalaparta jo eta Internazionala abestuz amaitu zuten manifestazioa. Protestaren balorazio bat egiteko eskatuta, «merezi izan du», esan zuten EILASeko ordezkari batzuek. Autobusetan sartu, bidean bazkaldu eta berriro ere Euskal Herrira, Galiziara, Kataluniara eta Kanaria Uharteetara itzuli ziren sindikatuetako ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.