CCOOk eta UGTk ere martxoaren 29an greba egitea erabaki izana «ontzat» jo du LABek. Hala ere, sindikatu horiei eskatu die lan erreformari emanbeharreko erantzuna eta krisiaren gaineko alternatibak Euskal Herrian kokatzeko, erreforma ez delako geratuko elkarrizketa sozialaren bidez, lantokietako borrokarako gaitasunaren bidez baizik.
Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren esanetan, elkarrizketa soziala edukiz hustuta zegoen azken urteotan. «Orain, ezinezkoa da». PPren nagusitasuna jarri du horren arrazoitzat. « Ez du negoziatu nahi eta ez du zertan negoziatu, behar adinako hegemonia politikoa duelako nahi dituen politikak inposatzeko».
Espainiako Gobernuak datozen urteetan bultzatuko dituen neurriek hiru ardatz izango dituztela dio. Alde batetik, patronalari botere osoa emango diola uste du. «Lehendik datorren joera da, baina orain negoziazio kolektiborako aukera kendu nahi digute langileei». Bigarrenik, sektore publikoa deuseztatuko duela. «Ekonomiaren plangintza esku pribatuen esku utzi nahi du, eta milaka enpresa publiko itxiko ditu». Azkenik, zerbitzu publikoak ere murriztuko direla dio. «Finkatutako defizit helburuek ezinbestean ekarriko dute zerbitzu publikoen murrizketa. Sistema pribatuari emango zaio osasunarekin eta hezkuntzarekin espekulatzeko aukera».
Espainian bultzatuko politikak Euskal Herrian ere inposatuko dituela PPk azaldu du Etxaidek. «Horregatik, krisitik aterabidea Euskal Herritik diseinatu behar da. Bide propioa egin behar dugu, eta hori bultzatu behar du grebak. Mobilizatzen jarraitu behar dugu, presionatzen jarraitu behar dugu eta ekimen propioak garatu behar ditugu».
2009tik lau greba orokor egin dira Hego Euskal Herrian, baina horietako bakar batean ere ez dira bat etorri lau sindikatuak. «Behingoz erreformaren aurka gauden indar guztiok kalera aterako gara egun berean, eta nabarmenagoa izango da PPren politiken bakardadea». Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, ordea, argi utzi du ezdela deialdi bateraturik egongo, «egunaz gain, zerbait gehiago partekatu behar delako».
ELArentzat, «oxigeno hutsa»
Gehiengo sindikalak bere kabuz egingo duela protesta berretsi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ere, sindikatuko delegatuek Gasteizen egindako batzarrean. Haren esanetan,martxoaren 29ko greba «oxigeno hutsa» izango da erreformak dakarren «lapurretaren» aurrean.
Sindikalismoaren garrantzia nabarmendu du, AEBetako kasua aipatuta. «Han, sindikatuek presentzia duten enpresetan %20 handiagoak dira soldatak eta mediku asegurua dute».Hala, grebak ELA indartsuago egiteko balio behar duela esan du, «datorrena oso gogorra delako». Elkarrizketa sozialari dagokionean, «antzerki hutsa» dela dio.
Grebarako giroa berotzen joateko, igandean manifestazioak egin zituzten CCOOk eta UGTk Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Martxoaren 29an kalera ateratzeko eskatu zieten herritarrei, «greba irabazi ahal izateko».
Erantzuna Euskal Herrian kokatzeko eskatu die LABek CCOO eta UGTri
Etxaideren esanetan, elkarrizketa soziala ezinezkoa da, eta lantokietan borroka eginez soilik geratuko da lan erreformaELAk sindikalismoaren beharra aldarrikatu du, «datorrena oso gogorra delako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu