Ekonomia

Erdizen ez dute azkenean harrobia egingo

Proiektua bertan behera utzi duela jakinarazi du gaur Magna enpresak. Egitasmoak oposizio handia izan du Baztanen.

2008ko urtarrilaren 29a
13:09
Entzun
Magna enpresak etsi egin du eta ez du Erdiz mendian (Baztan, Nafarroa) harrobia egingo. Hala jakinarazi du gaur Dominique Bamas Magnako administrazio kontseiluko presidenteak. "Aukera ona galdu dugu eta pena da. Desastrea ere bai", esan du.

Magnak Nafarroan badu beste harrobi bat, eta 150 langile dauzka. Negozioarekin jarraitzeko egin nahi zuen Erdizen beste harrobi bat, eta duela zazpi urte ekin zion baimenak eskatzeari. Lortu gabe. "Ez dugu beste eurorik, minuturik eta izerdi tantarik xahutuko honetan", adierazi du administrazio kontseiluko presidenteak gaur. Orain arte egitasmo horretan milioi eta erdi euro gastatu dituztela jakinarazi du.

Oposizio handia izan du Erdizko proiektuak Baztanen. Azaroan, esaterako, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten Elizondon, harrobiari buruzko erreferenduma egin zezaten eskatzeko. Erdiz Bizirik taldeak antolatu zuen. Taldeko kideek Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari eskatu zioten "arduraz" jokatzeko, "Ingurumen Departamentuaren ardura baita Erdiz babestea". Baztango Udalari, berriz, "tranpak eta gezurrak" alde batera uzteko galdegin zioten, eta "herriaren borondatea" aintzat hartzeko, "Baztango herriak Erdizko harrobiari buruzko erreferenduma egitea nahi baitu". Sinadura bilketari ekin zioten.

Gaur Magnak proiektua ez egitearen "errua banatu" egin du, eta harrobia "munduko" beste lekuren batean egin beharko dutela esan du. Magnesita ateratzen du enpresak. Duela zortzi urte arte enpresa Nafarroako Gobernuarena zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.