Eredu zaharra krisiaren aurrean

Veremonte taldeak sei turismo eremu eraikiko ditu Salouen, 4.700 milioi euroren aurrekontuarekin

Maite Alustiza.
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Kataluniak Eurovegas proiektua gauzatzeko negoziazioek huts egin ondoren, aurkitu du haren ordezkoa: Barcelona World. Istorioa errepikatu egin da: proiektu erraldoiak, mundu osoko milioika bisitari erakartzeko asmoak eta ezarleen diru egarriak. Izen bat edo bestea izan, hedadura handiagoa edo txikiagoa, ekonomia berriari buruzko erretorika gorabehera, adreiluaren eta turismoaren aldeko apustua egin du Kataluniak.

Salou eta Vilaseca herrien artean turismorako eta aisialdirako zerbitzuak eskaini nahi ditu Veremonte taldeak 2016tik aurrera, Port Aventura jolas parkearen alboan. 4.500 milioi euroren inbertsioarekin,zuzeneko 20.000 lanpostu berri, sei turismo eremu, kasinoak, hotelak, dendak, jatetxeak eta kirol jardueretako lekuak hitzeman dituzte. Salouko Udala gauetan aisialdi eremuetan izandako istiluak lasaitu nahian aritu da udan, baina badirudi urte gutxiren buruan arrastoa utziko duen koktela zerbitzatuko dutela herrian bertan.

La Caixa ere tartean da, harenak baitira turismo guneak eraikitzeko lurrak. Horretarako akordioa hitzartua du Veremonterekin, eta horrek badu proiektuarekin aurrera jarraitzeko beharrezkoa den kapitalaren %20. Kopuru handi horien gainetik, ordea, proiektuaren bultzatzaile nagusiak piztu du arreta: Enrique Bañuelos enpresaria da Veremonteko akziodun nagusia; ekintzailea eta buruargia batzuentzat, baina espekulazioaren itzalak jarraitua. Astroc etxe agentziaren sortzailea da; 2006an, akzioak 6,4 euroan hasi zen kotizatzen enpresa, eta soilik urtebetean 75 eurora igo zen kotizazioa. 2007ko apirilean, ordea, kontuetan izandako ustezko manipulazioek akziodun ugari galarazi zizkioten: akzioek %40ko balioa galdu zuten, eta Bañuelosek dimisioa eman behar izan zuen.

Iaz, Espainiako Auzitegi Nazionalak artxibatu egin zuen Bañuelosen aurkako salaketa, «bidegabeko administrazioa» egin zuela frogatzeko «nahikoa zantzu» ez zuelako. Azken urteetan Brasilen hainbat proiektu garatu ditu, baina han ere amaitu zaio egitekoa: Bañuelosek borroka galdu du. Hala iragarri zuen otsailean Brasilgo Exame aldizkariak.

Turismo eremuek Kataluniara eramango edo eramango ez dutenaren inguruko zurrumurruak saihesteko, Andreu Mas-Colell Generalitateko Ekonomia sailburuak argi utzi nahi izan zuen atzo proiektua turismoarekin eta aisialdiarekin lotuta dagoela, eta haien asmoa familiak erakartzea dela. «Kasinoak soilik osagarriak dira».

Bisitariei erraztasunak emango zaizkie, eta ikusi beharko da zer-nolakoak diren turismo eremuetako langileen baldintzak. Kataluniako CCOO sindikatuak ohartarazia du sortzea espero duten lanpostu kopurua «puztuta» dagoela, eta «kalitatezko enplegua» sortzearen alde agertu da. Eurovegasen kasuan, SER irrati kateak zabaldu duenez, Espainiako Gobernuak jarri die baldintzabat arduradunei: langile horiek kontratatzeko lan araudia ez malgutzea.

Lehenago, Port Aventura

Generalitateak duela hogei urte bezala jokatu du orain, ezezko bati baiezkoekin erantzunez. Orduan, Euro Disney izan zen Eurovegas, eta Port Aventura dena Barcelona World. Orduko hartan ere, La Caixa izan zuen laguntzaile. Ez zen, halere, erraza izan makineria behar bezala martxan jartzea. Dozena erdi bat izen izan ditu Port Aventura izaten amaitu duen jolas parkeak; izenaren ezegonkortasuna akziodunen eraginkortasunaren paraleloa izan da urteetan.

Mas-Colellek proiektuaren inguruko argibideak eman eta gutxira, Madrilen hasi ziren Eurovegasen ezezkoari etekina ateratzen. Metrovacesaren akzioak %30 baino gehiago igo ziren burtsan —konpainiak lursail batzuk ditu Alcorconen, eta litekeena da Eurovegas han eraikitzea—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.