Raxoiren neurriak. Erantzuna

Erkidegoen matxinada

Espainiako Gobernuaren azken neurri sortaren aurkako mezua zabalduko du gaur Eusko JaurlaritzakCiUk PPrekin hautsi du, hark erkidegoekiko «nagusikeriazko jarrera» erakusten duelako

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren azken murrizketa planak gehiago tenkatu ditu haren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanak. Patxi Lopezen gobernuak ez ditu indarrean jarri Raxoirenak osasu- nean eta hezkuntzan inposatudituen murrizketak, eta azken neurrietako batzuk ere ez ezartzen saiatuko da. Kataluniak eta Andaluziak ere aurre egin nahi diote Espainiako Gobernuaren azken planari. CiUk, gainera, iragarri du aurrerantzean ez duela PPren dekretuen alde egingo.

Espainiako Gobernuaren azken neurriak direla-eta hartu beharreko jarrera finkatuko du gaur Jaurlaritzak. Ondorengo agerraldian, Lopezek gogor kritikatuko ditu Madril, bereak ez diren arloetan erabakiak hartzeagatik. Eskuduntzei buruzko eztabaida Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman du Madrilek. Zehazki, helegitea jarri dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan botiken berrordainketa eta paperik gabeko atzerritarrei osasun arreta ukatzeko debekuari.

Ikusteko dago, ordea, PPren azken neurrietako zeintzuk geraraziko dituen Jaurlaritzak. BEZaren igoera ezin du ukitu—eskumena Espainiarena da—, eta zaila dirudi funtzionarioei dagozkien neurriak ez ezartzea, erkidego guztiek bete beharrekoak direla esaten baitu Espainiako agerkari ofizialak (BOE).

Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du intsumisio keinurik egin. Are gehiago, Madrilen neurrien aldeko keinuak ere egin ditu. Asteazkenean, UPNko diputatu Carlos Salvadorrek ontzat hartu zituen neurriak, eta, hurrengo egunean, Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak erkidegoen defizit muga berriaren aldeko botoa eman zuen. Horren ondorioz, datorren urtean asko jota %0,7ko defizita eduki ahal izango dute erkidegoek, aurretik baino 0,4 puntu gutxiago.

Iruñeko gobernuaren jarrera kritikatu du oposizioak. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak azalpenak eskatu dizkio Yolanda Barcina presidenteari, eta neurriak «herritarren eskubideentzat oso kaltegarriak» direla ziurtatu du. Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak «onartezintzat» jo du UPNren jarrera, eta Nafarroako funtzionarioei Eguberrietako saria ez kentzeko moduak bilatzeko eskatu du, haren ustez eskumena Nafarroari dagokiolako. «Krisi ekonomikoa erabiltzen ari dira zentralizatzekoeta Nafarroaren eskumenetan sartzeko», esan du.

Generalitatearen haserrea

Haserrea are handiagoa da Katalunian, bere kasara murrizketa gogorrak hartu dituen arren, Nafarroak eta EAEk baino arazo larriagoak dituelako defizita kontrolatzeko. Bruselak emandako defizit gehigarri osoa beretzat gorde izanak erakusten du, Generalitatearen arabera, Madrilek erkidegoak menpeko erakunde gisa tratatzen dituela. «Nagusikeriazko jarrera» horrek PPren gobernuaren eta CiUren arteko harremana hautsi duela iragarri du Josep Antoni Duran i Lleidak, koalizio nazionalistako idazkariak. Orain arte, PPk CiUren botoa lortu du bere erabaki eztabaidatsu gehienetan, baina etziko bozketan aurkako botoa emango duela iragarri du Duranek. CiUk begiz jota dauzka beste bi neurri, bere iritziz Kataluniaren eskumenak bortxatzen dituelako: zinegotziak kentzeko «neurri populista» eta saltokien ordutegien liberalizazioa. Duranen arabera, Kataluniak uko egingo dio «Madrilgo hiriaren eredua» inposatzeari eta lege katalana ezarriko du.

Bestetik, Duranek ukatu egin du Espainiako Gobernuak Generalitatearen kontuak bere gain hartuko dituela. Artur Mas Generalitateko presidenteak berak aipatu du Madrilek esku hartzearekin mehatxu egin diola, aurten defizita %1,5ean uzteko gai izango ez delakoan. Luis de Guindos Espainiako ministroak ere gezurtatu egin du esku hartuko dutela .

Andaluziako Juntak, bere aldetik, bertan behera utzi du bere langileei soldata %5 eta %10 artean jaisteko plana, eta Raxoiren neurrien aurkako deklarazio bat onartzekoa du gaurko bileran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.