Telefonia

Erosketa kolektiboa, telefono fakturak merkatzeko

OCUk errepikatu egingo du argindarraren enkantearen ideia, sakelako telefonoekin.

Miren Garate.
2014ko apirilaren 22a
07:59
Entzun

Argindarrarekin egin zuen lehen erosketa kolektiboa OCU kontsumitzaile elkarteak. Sakelako telefonoekin egingo du bigarrena. "Iaz jaso genituen erreklamazio eta kontsultetan, bigarren postuan zeuden telefonia arlokoak. Horregatik aukeratu dugu", azaldu du Ileana Izverniceanu bozeramaileak. Tarifa merkeagoak lortzea eta bezero arreta zerbitzua hobetzea dira helburuak.

Parte hartu nahi duten herritarrek maiatzaren 21era arteko epea dute izena emateko. Biharamunean enkante bat egitea da elkartearen asmoa, eta telefono konpainiei eskatu die parte hartzeko. Argindarrarenean, konpainia handiak ez ziren joan enkantera. "Argindar konpainiei ez zitzaien interesatzen gaur egun duten aldeko egoera aldatzea, baina telefonia konpainien kasua ezberdina da. Gerta daiteke handiek boikot egitea, baina ziur gaude aurrezte handiak eskainiko dituztela txikiek".

Izverniceanuk azaldu du Hego Euskal Herrian eta Espainian 35 telefono konpainia daudela eta 500 tarifa ezberdin baino gehiago eskaintzen dituztela. "Ezjakintasunagatik, kontsumitzaileek beti berberetara jotzen dute". Telefonicak, Vodafonek eta Orangek merkatu kuotaren %85 dute.

Ahots tarifak nahiz datuenak eskainiko dira enkantean, asko erabiltzen dituztenentzat nahiz kontsumo txikiagoa dutenentzat. Enkantera doazen enpresek zerbitzu horiek bermatu beharko dituztela esan du kontsumitzaile elkarteak. Enkantean izena ematen duten kontsumitzaileek ez dute derrigorrean enkantea irabazitako konpainiaren zerbitzua kontratatu beharko.

Argindarraren enkantea Holaluz.com-ek irabazi zuen, eta 22.000 bezero lortu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.