Basauriko Bilbondo merkataritza guneko Eroski hipermerkatua zaharberritua gaur inauguratuko dute banaketa taldeak 1.7 milioi euroko inbertsioa egin eta gero. Kooperatibaren ardatz bihurtu den Zurekin merkataritza eredu berriaren arabera eraldatu dute. Bezeroarenganako arreta pertsonalizatuagoa, tokiko eta sasoiko produktu freskoen aldeko apustu handia dago eredu horretan.
Zurekin parametroen arabera eraldatu den Eroskiren Bizkaiko bosgarren hipermerkatua da Bilbondo zentroa. Haren aurretik, Abadiño, Gernika, Berango eta Ballonti hipermerkatuak aldatu dituzte, eta gutxi barru amaituko dituzte Artea eta Leioako obrak. Bizkaian, guztira, hamahiru milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin du Mondragon taldeko banaketa kooperatibak sarea eraldatzeko, eta guztira, 155 lanpostu sortu dira. Hain zuzen, Bilbondoko eraldaketak hamasei lanpostu berri sortu ditu hipermerkatuan, eta dagoeneko 240 langilek dihardute han.