Enpresak

Eroskik 36 hipermerkatu saldu dizkio Carrefourri, 205 milioiren truke

Zorra arintzeko bankuekin egindako akordioa jada bete duela azaldu du kooperatibak

Orgatxoak, Erosikoren saltoki batean. BERRIA
Iker Aranburu.
2016ko otsailaren 29a
13:25
Entzun

Euskal Herritik kanpo daude saldutako hipermerkatuak, horietako asko Katalunian (Sant Cugat, Cornella, Amposta) eta Andaluzian (Algeciras, Antequera, Fuengirola), baina  baita gure mugetatik gertu ere, hala nola Jacakoa (Huesca), Logroñokoa (Errioxa) edo Santanderkoa (Kantabria).  Elorrioko kooperatiba asko hedatu zen mendearen hasieran, baina jasanezina zaio orain egitura hori, zor handia pilatu zuelako bere sarea zabaldu ahal izateko. Negozioa indartsu dagoen eremuetan bildu nahi du orain Eroskik,  Hego Euskal Herrian batez ere, baina baita Capraboren sarea erosi zuenean merkatu handia lortu zuenetan ere, Katalunian, Balearretan edo Galizian.

Orain saldutako hipermerkatuak Carrefourren esku geratuko da. Multinazional frantziarrak agindu du langileak subrogatuko dituela eta ez dela lanpostu galerarik izango.

Saldutako hipermerkatuek Eroskiren negozioa %8,5 zekarten, eta %10,2ra iristen da saltokietako gasolindegiak eta merkataritza galeriak batuz gero. Edonola ere, Eroskik espero du negozio hori aurki berreskuratu ahal izango duela, supermerkatu frankiziatuak zabaltzen jarraitu nahi duelako, eta Zurekin denda eredu berriarekin salmentak %7 handitzea lortzen ari delako.

Epe erdira operazioak Eroskiren errentagarritasuna hobetuko duela nabarmendu du Rosa Carabel Eroskiko sare komertzialeko buruak. 

Salmentaren bidez banku hartzekodunekin hitzartutako desinbertsioak amaitutzat jo ditu Eroskik. Otsailaren hasieran Euskal Herriko 11 hipermerkaturen jabetza saldu zuen, 358 milioi euroren truke. Hipermerkatu horiek alokairuan erabiltzen jarraituko du orain.

Iaz 2.605 milioi euroren zorra berriro finantzatzeko akordioa lortu zuen kooperatibak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.