Zorraren berregituraketa akordioa egin eta hilabete gutxira heldu da Eroski beste aro batean sartuta dabilela berretsi duen emaitza: 85 milioi euroko irabazia urteko lehen sei hilabeteetan. Aurreko urteko epe berean ez zen 15 milioi eurora iritsi, eta hortaz, emaitza hori ahalko bost lortu du. Eroskiren orgak beteta doaz berriro, eta besteak beste, desinbertsioei eta barne kostuak apaltzeari esker (langile bazkideen ahaleginaz) zorra bridatu du Agustin Markaidek gidatzen duen banaketa taldeak. Eroski bide onean doala berretsi duen emaitza iritsi da orain.
Euskal Herrian, Galizian eta Balear Uharteetan %1,9 igo dira salmentak, Eroskiren saltokien gehienek Zurekin eredua aplikatuta duten eremua. Negozioaren eboluziori erreparatzeko beste erakusle bat ere positiboa da oso: irabazi operatiboa 65 milioi eurokoa izan da. Iazko epe berarekin alderatuta %10 igo da. Zurekin ereduari eta logistikan lortutako eraginkortasunari egotzi dio hobekuntza Mondragon taldeko kooperatiba handienak.
Bederatzi urtean 1.800 milioi euro
Era berean, 2019ko lehen erdian 68 milioi euro pagatu ditu zorra txikitzeko, eta gaur egun 1.500 milioiko da pasiboa. Horrek esan nahi du 2010. urtetik, 1.800 milioi inguru ordaindu dituela Eroskik amortizazioetan. Hura ordaintzen jarraitzeko bide-orria ere adostuta dauka hartzekodun bankuekin, haien %100arekin. Aurtengo uztalaren 31n sinatu zuen berregituraketa, eta mugarriak argi dauzka kooperatibak 2024. urtera arte.
Estutasunak estutasun, Eroski arnasa hartzen hasi da azken bi urteetan, eta negozioa bideragarria dela erakutsita, inbertsioari ekin dio. Azken sei hilabeteetan 42,4 milioi eurokoa izan da, kontuan hartuta frankiziek egindakoa ere. 116 saltoki zaharberritu ditu Zurekin eredua ezartzeko, eta beste 38 denda berri zabaldu ditu. Horrek ekarri du 208 enplegu sortzea, urtarriletik ekainera.
Taldeaz harago, Eroski kooperatiba matrizak 93 milioi euroko mozkinak lortu ditu 2019ko lehen erdian, eta iazko epe berean bi milioi baizik ez zituen lortu. Banaketa enpresak eman duen jauzia argi adierazten du datu horrek. Eroski taldea osatzen dute Eroski supermerkatuez gain, Caprabo saltokiek, Forum kirol dendek, gasolindegiek, Eroski bidaia agentziak eta optika dendek.