Espainiako OCU kontsumitzaileen elkarteak Eroski basic hanburgerretan zaldi haragia topatu zuela jakinarazi zuen joan den otsailaren 29an. Eroskik haragi hori salmentatik kendu zuen, auzia argitu artean. Carnes Selectas salatutako haragia ekoizten duen konpainiarekin elkarlanan ikerketa zabaldu zuen, eta Xenotech laborategi independenteari haragiaren azterketa egiteko eskatu zion. Santiago de Compostelako (Galizia) unibertsitatearekin eta Espainiako CSIC zientzia erakundearekin lotura du Xenotechek.
Urtarrilaren 29ko hainbat haragi sorten laginei egindako azkterketa guztiek, hanburgerrak zaldi haragirik ez dutela erakutsi dute. Hala dio Eroskik hedabideetara igorritako ohar batean. "Beraz, Basic haragiaren etiketak zorrotz erakusten dute haragiaren ezaugarriak, eta ez dagoela inolako iruzurrik edota informazio faltarik". Eroski Basic haragia behiarena dela dio Eroskik, "eta bakarrik behiarena", Xenotech laborategiaren azterketen arabera. "Produktuaren kontsumitzaileen osasuna ez da inoiz arriskuan egon", dio oharrak, "Eroskik araudiak bete dituelako uneoro".
OCUk arratsaldean ateratako ohar batean berretsi du Eroskiren hanburgerretan zaldi haragia zegoela.
Campofrioren filiala Carnes Selectasek –Eroski Basic hanburgerrak ekoizten dituena— hainbat aldaketa egin ditu hala eta guztiz ere; haragiaren azterketak azkarrago egin nahi ditu.