Enpresak

Eroskik jakinarazi du menpeko ekarpenen interesetan 22 milioi pagatuko dituela

Otsailaren 2an egingo dizkie ordainketak bere zorraren ekarpenen jabeei, %2,77ko interesarekin 2007ko jaulkipenarentzat eta %3,27koarekin 2002 eta 2004koentzat.

Kaltetuak elkartearen protesta bat, 2013ko apirilean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2015eko urtarrilaren 30a
19:21
Entzun

BERRIA egunkariak aurreratutako datuak berretsi dizkio CNMV merkatu arautzaileari Eroskik menpeko ekarpenen ordainketei dagokienez. Otsailaren 2an 22 milioi euro pagatuko ditu Elorrioko kooperatibak bere menpeko zorra erosi zutenekin duen konpromisoa betetzeko. Ordainketa horretan, %3,562koa izango da interes tasa 2002ko eta 2004ko jaulkipenetarako, eta %3,062koa 2007korako.

Eroskik esan du 2002an bere hazkundea finantzatzeko lehen jaulkipena egin zuenetik "zuzen ordaindu" dizkiela urteko interesak inbertitzaileei; "dagoeneko, 314 milioi euro guztira. Urte hauetan guztietan, MFE-en saria beti izan da %3 baino handiagoa, Euriborra gehi hiru puntukoa izan da beti 2002ko eta 2004ko jaulkipenetan, eta %2,5ekoa izan da diferentziala 2007koan".

Ekarpenen jabe asko produktua itzuli ahal izatea eskatzen ari dira aspaldian, produktuaren betierekotasun izaerak oso zail egiten baitu hori, eta horregatik sortu dira Kaltetuak eta Afena elkarteak. Kontsumobideren oniritzia duen hamabi urtetarako bonuen trukea proposatuko duela ere jakinarazi du Eroskik. Edonola ere, Elorriok gogoratu du "2002an MFE-etan inbertitu zuenak hasierako inbertsioaren %67" jaso duela interesetan, eta 2004ko inbertitzaile batek, berriz, %55 hartu.

"Ekarpenen jabeei urtero ordaindu zaie beren inbertsioaren balio nominalaren arabera, finantza merkatuko kotizazioa edozein izanda ere", adierazi du Rosa Carabelek, Eroskiko Ekonomia eta Finantza zuzendariak. Tituluaren balio nominalaren arabera egiten da MFE-en urteko ordainketa, eta ezin zaio galerarik egotzi. Berme horrek berezi bihurtzen du produktua beste menpeko finantza produktu batzuekin alderatzen badugu". Espainiako lehentasunezko zorrari erreparatu dio, Carabelek, Espainian egindako iruzur handia.

Araudiaren arabera, finantza produktu horri esker kooperatibak "baliabide propioak" era ditzakeela gogoratu Eroskik, "hazkundea finantzatzeko", inbertsiogileari interesak ematearen truke, "diruaren prezioaren eboluzioaren arabera (Euriborra) eta kooperatibaren emaitza ekonomikoak gorabehera". Eroskik dio Mendeko Finantza Ekarpenek "zehatz-mehatz" betetzen dituztela legezko eskakizun guztiak, "eta beti eduki dute CNMVren gainbegiratua eta onarpena".

Truke sonatua

Mondragon taldeko kooperatiba handienak ezagutzera eman du finantza erakundeekin akordio bat egin zuela urtarrilaren 15ean finantza berregituraketarako: "Nahi duenak MFEak trukatu ahalko ditu hamabi urterako bonu batekin".

"Eroskik hasieratik erakutsi du borondatea, finantza erakunde komertzialekin batera eta Kontsumobideren bitartekaritzaz inbertitzaileei alternatiba bat eskaintzeko, nahiz eta MFE-ek lege arau guzti-guztiak bete, ez baitute —ikusi den bezala— inolako hutsik", gogorarazi du Carabelek. "Trukerako alternatiba horren bitartez, tituluen jaulkitzaileok erakutsi dugu zer-nolako konpromisoa hartua dugun inbertsiogileekin, interesa dakiekeen alternatiba bat eskaintzen baitugu, iraungitze data duelako eta geure irismenean dagoelako".

Hauek lirateke trukearen ildo nagusiak: mendeko bonu bat jasotzea (hura ere menpeko izaerarekin) gaur egungo MFE-en balioaren %55arekin eta hamabi urtera iraungitzen dena; luza daiteke beste bost urtez jabeak hala nahi izanez gero, eta interes tasa Euriborra gehi %3 izango da. Iraungitzen den bonu bat bada ere, eta nahiz eta ez duen kooperatibaren betirako funtsaren kalifikaziorik, titulu berri horren interesa berdin geldituko da 2002ko eta 2004ko MFE-ekiko, eta 0,5 handituko da 2007ko jaulkipenarekiko.

Gainera, trukea egiteko momentuan, esku dirutan emango da ekarpenen balioaren %15. Bonua trukatu eta jaulkitzeko, CNMV arautzaileak eman beharko du baimena, eta aurretik, Eroskiren Batzar Nagusiak onartu beharko du. Bonu berriak jaulkitzean, menpeko ekarpenak dituztenen artean merkaturatuko dituzte finantza entitateek.

Eroskiren arabera, inbertitzaileek bere jatorrizko inbertsioaren %100 baino gehiago errekuperatuko dute. "Prozesu honetan, inbertitzaileek hasierako inbertsioaren %100 baino gehiago berreskuratuko dute, bonu berriaren epea amaitu eta gero, eta kontuan izanda kobratutako interes guztiak".

10.000 euroko inbertitutako erosle batek jasoko lukeena ere azaldu du Elorriok: 2002ko inbertsiogile batek, hamabi urteren buruan bonua iraungitzean, 17.100 euro kobratuko luke.  2004ko inbertitzaile batek, hamabi urteren buruan bonua iraungitzean, 15.800 kobratuko luke guztira. Eta  2007ko inbertitzaileak 13.800 euro kobratuko luke guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.