Eroskik krisiari aurre egiteko neurrien artean ez du proposatu kooperatibako kideei eta langileei soldatak murriztea edo paga bereziak kentzea. Eroskik oharra kaleratu zuen atzo, herenegun Noticias taldeko egunkariek argitaratutakoa ukatzeko: kooperatibako kideei paga bereziak kentzea planteatuko diela datozen egunetan.
Eroskik krisiari aurre egiteko neurriak hartu zituen iazko abenduan: aurten soldatarik ez igotzea eta bazkideei iazko jardueragatik zegozkien interesak dirutan ez ordaintzea. «Ordutik ez dugu neurri berririk landu», esan du kooperatibak.
Iazko lehen sei hilabeteetan 8,4 milioi euro galdu zituen; 2007ko epe berean, aldiz, 72 milioi euro irabazi. Hala ere, Eroskik «zenbaki positiboak eta handiak» espero zituen iazko urte amaieran. Baita salmentak %40 haztea ere. Egia da bere fakturazioa %38,3 hazi zela iazko lehen seihilekoan, 2007koarekin alderatuta. Kooperatibak oraindik ez ditu iazko emaitzak jakinarazi.
Atzo kaleratutako oharrean nabarmendu zuen bere finantza sendotasunak eta ekonomikoak ez luketela inolako zalantzarik sortu behar, eta beharrezko neurriak hartu dituela krisiaren ondorioei aurre egiteko.
Eroskik ez du uste Caprabo supermerkatu kate katalanaren %75 erostea erabaki txarra izan zenik; aitzitik, asmatu egin dutela dio. Eroskiren esanetan, Caprabo aurreikuspenak betetzen ari da, eta hura erosteko sortutako zorraren finantzaketa «konponduta» dago.
Eroskik ukatu egin du langileei paga bereziak kendu nahi dizkiela
Aurten soldatak ez igotzea erabaki zuen, eta ez dutela neurri berririk landu esan du kooperatibak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu