CNMV Espainiako finantza merkatuen gainbegiratzaileari bidalitako oharrean Eroskik baieztatu du akordio bat lortu duela bankuekin bere finantza ekarpenen inguruan. Bere zor osoa berriro negoziatzen ari da Elorrioko kooperatiba bere bankuekin, eta ekarpenen auzia horren barnean konpondu behar du. Eroskik espero du bederatzi hilabeteren buruan buka dezakeela negoziazio prozesua, eta orduan jasoko lukete trukea onartzen dutenek.
Eskaintza onartzea ekarpenen erosleei dagokie. Haietako batzuk biltzen dituen elkarteak, Kaltetuak izenekoak, begi txarrez hartu du eskaintza, diru asko barkatzea dakarrelako. Guztira, 660 milioi euro saldu zizkien, bankuen bidez, 30.000 inbertitzaileri. Finantza ekarpenak amaiera eperik gabeko produktuak ziren, baina erosle askok ziurtatu dute bankuek engainatu zituztela, eta gordailu arrunt gisa saldu zizkietela bankuek.
Prentsara igorritako agiri baten bidez, Eroskik iragarri du ekarpen horien interesak (%3,5 ingurukoak) ordaintzen jarraituko duela. Hurrengo ordainketa urtarrilaren 31n egin behar du, 2013ko errentagarritasunari dagokiona. Interes horiei esker lehen ekarpenak erosi zituztenak (2002koak) dagoeneko orduan jarritako diruaren %63 interesetan jaso dituztela gogorarazi du kooperatibak.
Urte amaieran, 2.500 milioi euroko zorra finantzatzeko babesa lortu zuen Eroskik. 22 entitatek eman zioten babesa. Agustin Markaide Eroskiko presidenteak enpresaren pasiboak murrizten jarraitzeko konpromisoa azaldu zuen, bost urtean 1.200 milioi euro murriztu eta gero.