Eroskik eta Fagorrek jaulkitako ekarpenen buruzko lehen epaia bezeroen aldekoa izan da. Efe agentziak aurreratu duenez, Gasteizko bosgarren epaitegiak erabaki du Euskadiko Kutxak 14.800 euro itzuli behar dizkiola bezero bati, Eroskiren finantza ekarpen bat saltzean informazio «partziala, ez egiazkoa eta sesgatua» eman ziolako, eta horren bidez bezeroak ez zekielako kontratu zuen finantza produktua betierekoa zela. Baldintza horietan, bi aldeek sinatu zuten kontratuak ez duela balio ebatzi du epaileak. Kutxak Arabako Lurralde Auzitegietan helegitea jarri ahal du, baina atzo ez zuen halakorik jakinarazi. Inor ez dutela engainatu adierazi izan dute Mondragon taldeko kooperatibek.
Epaiak dioenez, bezeroa «langile xume» bat zen, finantza kontuetan jakintza handirik gabea, eta «uste zuen bost urteko epea zuen produktu bat kontratatzen ari zela bere seme-alaba txikientzat, eta epe hori igarota inbertsioa berreskuratu ahal izango zuela». Horren ordez, «Eroskirekin eta finantza erakunde batekin betirako ezkondu zen». Kooperatibak ekarpena azaltzeko kaleratu zuen informazioa «ez oso garbia, idazkera nahasikoa, agian engainagarria» iruditu zaio epaileari. Horregatik, uste du bezeroak sinistu zuela dirua nahi zuenean berreskuratu ahal izango zuela. «Finantza erakundeak ez zion, noski, nahasketa hori argitu». Kontrakoa, «produktuaren alde onak azaldu zizkion, bereziki errentagarritasuna, baina ez zion esan inbertsioa betierekoa zela».
Epaiak dioenez, «produktua saldu dute gordailu segurua balitz bezala, dirua berehala berreskuratzerik balego bezala, baina hori ez dator bat errealitatearekin. Lehentasunezko ekarpenaren betikotasuna ezkutatu dute», azaldu du epaileak. Halaber ezkutatu zuen ekarpena gainetik kentzeko baldintzak zeintzuk ziren, hau da, norbaitek erosi nahi izatea —Eroskik berak edo beste inbertitzaile batek— edo kooperatiba bertan behera geratzea. Merkatuetan salerosi daitezke ekarpenak, baina azkenaldian gutxienez beren balioaren erdia galdu dute, inbertitzaileek ez dituztelako nahi. Horregatik, epaiak dio Euskadiko Kutxak ez ziola bezeroari «inbertsioa galtzeko arrisku handiez» ohartarazi.
Eroskik eta Fagorrek 2002-2007 epean jaulki zituzten orain menpeko ekarpenak, eta haien bidez 800 milioi inguru lortu zituzten beren hedapen prozesuak finantzatzeko. 40.000 lagunek erosi zituzten, ekarpen horiek erosi eta engainatuak sentitzen diren bezero batzuek sortutako Kaltetuak elkarteak ziurtatu duenez.
Finantza erakundeen bidez saldu ziren ekarpenak. Kaltetuak elkarteak eta alderdi politiko batzuek Euskadiko Kutxa jomugan jarri arren, ez da hura izan gehien saldu zituena. Eroskiren ekarpenen %44 BBVak saldu zituen, eta Santander bankuak, berriz, Fagorren jaulkitakoen %57. Euskadiko Kutxak ekarpen guztien %27 saldu zituen —%21 lirateke Eroski eta Fagorren bazkideen artean hartu zituztenak kontuan hartu gabe— .
Menpeko ekarpenak hainbat bankuk saldutako lehentasunezko parte hartzeen antzekoak dira, baina badituzte aldeak. Haiek bezala, ez dira gordailu bat, iraupen mugagabea duten beste finantza produktu bat baizik. Baina haietan ez bezala, jaulki duenak behartuta dago urtero haren truke interesa ordaintzera —parte hartzeetan, soilik irabaziak banatzen dituenean—. Horrela, Eroskik azken bost urteotan 173 milioi euro banatu dizkie interesetan bere ekarpenen erosleei. Azken ordainketa urtarrilaren amaieran egin zuen, 30 milioi euro —%4,26 eta %4,68 arteko interesa, ekarpenaren arabera—. Aurten, interes tasak beherago daudenez, %3,1 eta %3,6 artean pagatuko du.
Gaia Eusko Legebiltzarrera iritsi zen otsailaren 28an. Kooperatibek eskuratutako diruaren %100 itzultzeko eskatu zuen UPDk, baina haren proposamena atzera bota zuten, eta EAJk eta Bilduk hitzartutako beste bat onartu zuten. Haren arabera, Kontsumobidek aztertuko du bankuek informazio «osoa eta egiazkoa» eman al zuten ekarpenen izaeari buruz.