Jon Ariño. Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko zuzendaria

«Erosteko ohiturez gain, bizi-kalitatea ere aldatuko da»

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
BEZaren igoera lekuz kanpo ikusten du Jon Ariño Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko (EKE) zuzendariak une honetan. «Irabazi garaietan, agian ulergarriagoa izango zen, kontsumitzaileek diru gehiago zutelako». Baina krisi beteko garaian zeharkako zergak igoz kontsumoaren jaitsiera areagotu besterik ez duela egingo ohartarazi du. «Kontsumitzaile guztien aurka doan igoera da; oker handi bat». Eta horrek guztiak eragin zuzena izango du merkatariengan, «egoera zail bati aurre egin beharko diote».

BEZaren igoerak kontsumitzaileengan eragin zuzena izango du. Nola?

Dagoeneko sumatzen da, jendeak gutxiago kontsumitzen baitu. Batez ere elikagaiak eta oinarrizko produktuak bakarrik erosten dituzte. Eta BEZaren igoerak egoera hori okertu besterik ez du egingo, hau da, orain arte zegoen beheranzko joerari azken ukitua emango dio igoera honek.

Beraz, kontsumitzeko ohiturak aldatze bidean daudela esan daiteke?

Hartutako neurria oso kaltegarria izango da familiako ekonomiarentzat, egin beharko litzatekeenaren aurkako norabidean baitoa. Diru sarrerak mugatu egin dituzte, eta gastuak igo zerga igoeren bidez. Eta ondorioa bistakoa da: elikagaien sektorean ez dira hileroko erosketa handiak egiten, eta kalitatea ere jaitsi egin da; arraina ere gutxiagotan erosten da, eta baita zenbait haragi ere. Beraz, erosteko ohiturak bakarrik ez, biztanleen bizi-kalitatea ere aldatu egin da.

Baina ez da elikagaien sektorean bakarrik igo BEZa...

Etxeko gailuak, nahiz kotxeak, une honetan apenas saltzen ari diren, eta bide horretan jarraituko du, gainera. Beraz, luzerako produktuei ahalik eta bizirik luzeena ematen ari dira erabiltzaileak. Gailuek konponbiderik ez daukanean, orduan ari dira kontsumitzaileak erosketa horiek egiten. Iraganeko okerrak zuzentzeko aukera eduki dezakegu orain, hau da, erosketak modu arrazionalago batean egiten ikasteko.

Merkatariei ere zuzenean eragingo die BEZaren igoerak. Zenbaterainoko jaitsiera aurreikusten duzue?

Dagoeneko sumatzen dute salmenten jaitsiera, beraz, aurrerantzean izango den joera aurreikustea zaila da. Dagoeneko eskaintza bereziak egiten ari dira, BEZik gabeko produktuak merkaturatuz. Baina oso zaila da gastu horri aurre egitea, bakoitzak bere poltsikotik ordaindu beharko baitu eskaintza hori. Askoz gutxiago irabaziko dute saltzaileek, eta horrek egoera zailak ekarriko ditu. Baina bide horretatik jarraitu behar dute, alternatiba bakarra kontsumoa okertzea baita. Beraz, ahal duten heinean eskaintzak egiten jarraitu behar dute.

Eskaintzen bidea, beraz, ezinbestekoa da?

Eskaintza horiek merkatariei eta erosleari interesatzen zaizkie, elkarren parte hartzea beharrezkoa baita, hau da, biak elkarren beharra daukate; beraz, bide hori garrantzitsua izango da. Baina pizgarriek ez dute merkatarien aldetik bakarrik etorri beharko. Kontsumoa sustatzeko, esaterako, ezinbestekoa izango litzateke Eusko Jaurlaritzaren aldetik iraupen luzeko gailuak erosteko laguntza eskaintzea, jaitsierari aurre egiteko eta merkataritza apur bat animatzeko. Denok egin behar dugu ahalegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.