Errepublika Eguna Hexagonoan eta Banestok (+%1,39) bere mozkinen ezustea publikoki erretzeko eguna: %7ko jaitsiera mozkinetan eta guztiok pozik futboleko arrakastak lagun («okerragoa izan zitekeen» moduko kontsolagarriekin banku negozioarekiko). 1.810 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35eko (+%0,19) akzioetan eta horietan 572 mugitu zituzten Santanderren (-%0,15) akzioek: egun akzio azokan mugitzen diren hiru eurotik bat da akzio gorriaren gainekoa. Sacyrrek (+%4,94) mendi suitzarrean sartuta jarraitzen du, eta gorabeheretan, edonor zuri uzteko gaitasuna du. Beste inork baino handiagoa inguruotan. Urdinei erreparatuta-blue chip-ei, alegia-, asperdura nabari da: Edurnezurik (+%0,76) loria gehiago erakutsi zuen, baina Repsol-YPF (+%0,2), Iberdrola (+%0,06) nahiz BBVA (-%0,01) nahiko lokartuta agertu ziren. Jai egun itxura zuten S&P-500 eta Dow Jonesek ere, %0,2na inguruko irabaziekin. Badira egunak ikurrina astintzeko biziki egokiak.
Eroskik bezero kopurua %3 handitu du, baina fakturazioa handitu gabe. Alegia, saltzen duenaren balioa lehengo bera dela. Hortik ondoriozta daiteke %3 inguru jaitsi behar izan dituela prezioak. Azken finean, irabazi tarteen estutzea kontsumo industrian.
Banestok 382 milioi euroren mozkina iragarri zuen atzo, esperotakoa baino gehiago, baina iaz epe berean baino %7 gutxiago. Deigarria bigarren seihilekorako Botin presidenteak bere bankuari jarritako helburua: higiezinen salmenta bikoiztea.
Erre publik(o)an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu